Abarketatxo ludotekako sukaldean saltsan ibili dira 4 eta 5 urteko haurrak

Anartz Izagirre 2022ko urt. 4a, 12:33
Sukaldean aritzeko aukera izan dute gaur lau eta bost urteko haurrek. (Azkoitiko Udala)

Negunebai programaren barruan antolatutako ekintza izan da gaur egin dutena, eta gailetak egiteko aukera izan dute haurrek. Arratsaldean LH 1. eta 3. mailako gaztetxoen txanda izango da.

Azkoitiko Udalak askotariko ekintzak antolatu ditu Gabon hauetarako, eta gaur, asteartea, Abarketatxo ludotekako sukaldean saltsan ibili dira 4 eta 5 urteko haurrak. Negunebai programaren barruan, gailetak egiteko aukera izan dute ludotekara joan diren herritarrek, eta gozatu ederra hartu dute. Arratsaldean, berriz, LH 1. eta 3. mailako haurren txanda izango da, eta 15:30etik 18:00etara bitartean ibiliko dira kozinatzen. Bihar, berriz, bi ekintza izango dira: gabonetako apaingarriak egiteko aukera HH 4. eta 5. mailakoentzat, eta elur bolak egitekoa, LH 1. eta 3. mailakoentzat.

Bestalde, Gabonetako beste ekintza bat ere izango da gaur: Organik antzezlana. 17:00etan izango da emanaldia, Elkargunean, eta doakoa izango da sarrera. Honela dio antzezlanaren sinopsiak: "Ausarta, bihotz onekoa eta bio-abenturazalea den Mr. Naturalek barazki eta fruituak maite ditu, eta ahotsa eta bizitza ematen die; zainduak eta maitatuak izan nahi dute, izan ere, beraiek dira munduko edertasun-distira nagusiak. Baina Mr. Naturalek badauka bere itzala, sabeleko alde ilunetik ateratzen dena, Yoyo izenekoa. Jatun krudel galanta da! Bere gosearekin bizitza etxekotu eta esklabo bihurtu nahi du, berak pentsatzen baitu landare guztien jaun eta jabea dela eta eskubiderik ez dutela. Mr. Naturalek bere itzala besarkatuko du, eta, horrela, bere alde ona askatuko da, maitasunez betetako bizitza lortuz. Izan ere, Ama Lurra maitatzea, Ama Lur bilakatzea da".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide