Positiboak gora, eta Azkoitiko intzidentzia tasa sekula baino altuagoa

Ihintza Elustondo 2022ko urt. 3a, 15:58
Herriko kaleak hutsik, artxiboko irudi batean.

Azken lau egunetan 350 positibo atzeman ostean, 6.233,83ra igo da Azkoitiko intzidentzia tasa; 3.580,07koa zen ostegunean, eta beraz, bi mila puntu baino gehiago egin du gora. Positibo bat atzeman dute San Jose egoitzan. Azpeitian ere errekor guztiak hautsi ditu intzidentzia tasak, eta 421 positibo zenbatuta, 7.089,36koa da tasa hori.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, sekula baino positibo gehiago zenbatu dituzte azken lau egunetan Urola Kostako herrietan. Hain zuzen ere, 1.840 kasu baieztatu zituzten ostegunetik atzora bitartean egindako probetan. Azkoitiak inoizko intzidentzia tasarik altuena du. Azken lau egunetan 350 positibo atzeman ostean, 6.233,83ra igo da intzidentzia tasa; 3.580,07koa zen tasa ostegunean, eta beraz, bi mila puntu baino gehiago egin du gora.

Gaur-gaurkoz, bi milatik gorakoa da 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa eskualdeko herri guztietan, eta lau milatik gorakoa da 5.000 biztanletik gorako herrietan.

Gaurkoan ere, Zarautzen eta Azpeitian zenbatu dituzte kasu gehien. Zarautzen, 486 kasu atzeman dituzte azken lau egunetan, eta 4.784,34koa da intzidentzia tasa; 3.190,99koa zen tasa hori duela lau egun. Azpeitian, berriz, errekor guztiak hautsi ditu intzidentzia tasak: 421 positibo zenbatuta, 7.089,36koa da tasa hori; ostegunaz geroztik bi mila puntu egin du gora. 

Herri horien ostean, Zumaian zenbatu dituzte kasu gehien; 280, hain zuzen ere. Positiboen gorakadak eragina izan du intzidentzia tasan ere: ostegunean, 3.612,50ekoa zen tasa, eta gaur-gaurkoz, 5.881,75ekoa. Orion, bestalde, 107 kasu atzeman dituzte, eta 4.191,13koa da tasa. Getarian, 74 kasu baieztatu dituzte –5.371,02ko tasa–; Zestoan, 66 kasu –5.726,76ko tasa–; Aian, 37 kasu –4.534,01eko tasa–; Aizarnazabalen, hamabost –5.851,76ko tasa–; Errezilen, hiru kasu –2.898,55eko tasa–, eta Beizaman, bat –3.225,8eko tasa–.

Hego Euskal Herrian 11.281 positibo

Hego Euskal Herrian ere, kopuru handiak zenbatu dituzte. Izan ere, atzo 11.281 positibo atzeman zituzten Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan. Guztira, 29.416 PCR eta antigeno proba egin zituzten Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan; beraz, positibotasun tasa %38,3koa da gaur-gaurkoz. Ospitaleei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, COVID-19a duten 56o lagun daude ospitaleratuta solairu arruntetan, eta beste 132 ZIUetan. Osasunbideak adierazi duenez, Nafarroan 188 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 24 ZIUetan.

San Jose egoitzan, positibo bat

Bestalde, adinekoen egoitzetako egoeraren berri eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Erakundeak emandako datuen arabera, zenbait zentrotan eragina izaten ari da COVID-19a. Zehazki, 135 kasu baieztatu dituzte lurralde osoko egoitzetan; horiez gain, 50 sendatu dira dagoeneko, eta gaitza zuten bost lagun hil dira.

Eskualdeko egoitzetan, 34 gaixo zenbatu dituzte, gaur-gaurkoz. Horietatik zazpi kasu dira berriak: Zumaiako San Juan zentroan sei kasu berri atzeman dituzte –guztira, 21 kasu daude han aktibo–, eta Azkoitiko San Jose egoitzan positibo bat atzeman dute. Horiez gain, Zumaiako Otezurin, Azpeitiko San Martinen eta Zestoako San Juanen, duela lau egun bezala, kasu bat, zortzi eta hiru dituzte aktibo, hurrenez hurren. 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide