Munoaundiko lurrak bertako baso bihurtzeko proiektua jarri du abian Urola Bizirik natur taldeak

Andoni Elduaien 2022ko urt. 3a, 09:00
Natur taldeko kideak, Munoaundin. (Urola Bizirik)

Munoaundin zuhaitzak landatuko ditu Urola Bizirikek, lur eremu hori bertako baso bihurtzeko helburuarekin. Joan den asteartean jarri zuten proiektua martxan natur taldeko kideek.

Urola Bizirik natur taldeak eta Azkoitiko Udalak Munoaundiko herri lurretan bertako basoa berreskuratzeko proiektua jarri dute abian. Munoaundin landatuko dituzte zuhaitzak, eta joan den astean –abenduak 28– zuhaitzentzat babesak eta estekak jartzen aritu ziren natur taldeko kideak.

Landaketa gauzatu den alboko lursailen –Urki plantazioa– jabearen baimenarekin egin zuen lan natur taldeak. Era berean, lursaila ezagutzeko, planifikatzeko eta proiektuaren berri emateko baliatu zuten eguna. "Pinu landaketak pairatzen ari diren krisia tarteko, herri lurrak baso eta biztanleriaren aisialdirako nahiz osasunerako gune bihurtzeko aukera paregabea sortu zaie erakunde publikoei. Aldi berean, herri inguruko faunaren babesguneak eta lurraldeko bioaniztasuna aberasteko uharteak bilakatu daitezke", azaldu dute Urola Bizirik natur taldeko kideek.

Hainbat fase izango dituen Munoaundin zuhaitzak landatzeko proiektuak, eta natur taldeak herritarrei dei egin die, proiektuan parte har dezaten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide