Presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egin dute hainbat lagunek

Julene Frantzesena 2021ko abe. 31a, 18:38
Hainbat lagun elkartu dira plazako elkarretaratzean.

Azkoitiko Sarek deituta egin dute protesta 18:30ean plazan, Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean! lelopean.

Urteko azken eguna dela eta, ohiturari jarraituz, euskal presoen eskubideen aldeko protesta egin dute hainbat lagunek. Azkoitiko Sarek deituta egin dute elkarretaratzea 18:30ean plazatik hasita, Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean! lelopean.

Sarek salbuespenezko espetxe politika salatu du, "asko direlako" politika horrek urratzen dituen eskubideak. "Oraindik 90 euskal preso (eta Frantziako Estatuko beste 21 preso) Euskal Herritik urrun daudela oraindik; euskal presoei gradu progresioak galarazten dizkiete sistematikoki; presoen ibilbide juridikoa eta espetxe ibilbidea blokeatzen jarraitzen dute, baimen asko blokeatuak baitaude; lege arrunta aplikatuko balitz, presoen zati handi bat jada aske egongo litzateke edo neurri oso desberdinekin".

Gainera, Sareren arabera, COVID-19aren pandemiak "gogor" jo du presoen eta haien senideen harremanetan, denbora luzez egon direlako komunikazio iraunkorrik gabe. Halaber, orain berrio ere komunikazio bideak eten egin dituztela salatu du mugimenduak. Sarek, bakearen eta bizikidetzaren alde presoak etxerako bidean nahi dituela aldarrikatu du, eta gogorarazi du salbuespen neurriak amaitzeko premia "atzeraezina" dela.

Bilboko manifestazioa herrietara

Sare dinamikak euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa zuen deituta datorren urtarrilaren 8rako Bilbon, baina pandemiak eragindako egoera dela eta, manifestazioak herriz herri egiteko deia egin du. Manifestazio horretan ere bakea, elkarbizitza eta euskal presoen nahiz iheslarien Euskal Herriratzea aldarrikatuko dituzte, Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean! lelopean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide