Anibal Fernandezek irabazi du Katturen oroimenezko xake txapelketa

Ihintza Elustondo 2021ko abe. 27a, 09:00

Kattu Xake Memorialaren 37. edizioa jokatu zuten atzo, eta Anibal Fernandez gailendu zen. Anaitasuna Kakute xake taldeak aurtengo denboraldia "ikusgarria" izan dela nabarmendu du.

Ramon Oñederra Kattu zenaren oroimenezko xake txapelketa jokatu zuten atzo, igandea, Azkoitiko Kultur Etxean, Anaitasuna Kakute xake taldeak antolatuta. Kattu Xake Memorialaren 37. edizioa izan zen atzo jokatutakoa, eta iaz ez bezala, aurtengoan aurrez aurre lehiatu ahal izan dira xakelariak. Gainera, klubaren webgunean zuzenean jarraitu ahal izan ziren partidak.

Interesgarria izan da aurtengo txapelketa, eta sorpresa batzuk ere izan dira, antolatzaileen arabera. Azkenean, baina, Anibal Fernandez izan da irabazlea. Azken txandara Juan Carlos Valorrengandik puntu erdiko aldearekin iritsi zen, baina Fernandezek eskuratu zuen lehen saria. Joaquin Larrañagak eskuratu zuen bigarren postua, eta Ion Kuende sailkatu zen ondoren. Angel Martin zinegotzia joan zen sariak banatzera.

Partaide guztiak pozik agertu ziren Kattu Xake Memorialaren azken edizioa aurrez aurre jokatu ahal izan dutelako, eta 2022an espero dute ohi bezala Errexil tabernan egin ahal izatea, ondorengo mokadu eta guzti.

Urtearen balorazio ona

Anaitasuna Kakute xake taldeak, bestalde, urtearen balorazioa egin nahi izan du. Zuzendaritzaren arabera, "ikusgarria" izan da amaitzear den urtea: "Gure irudi korporatiboa aldatu dugu, logoak, bandera, webgunea, jokalarientzako jantziak sortu ditugu...". Gainera, aurtengoa ere izurriak baldintzatutako urtea izan dela nabarmendu dute: "Pandemiak baldintzatutako urtea izanagatik, Gaztedi finalak jokatu ahal izan ditugu: bata martxoan, eta bestea abenduan".

Beste hainbat ekintza ere egin ahal izan dituztela azpimarratu dute: Jaime Santos maisuak 26 xake jokalariren aurka jokatu zituen partidak ekainean, eta Pepe Cuenca eta David Lariñoren aurka lehiatzeko aukera ere izan dute Anaitasuna Kakutekoek. "Bazkideek halako momentuak bizitzea merezi dute egiten duten lan guztiagatik, eta horretarako dago zuzendaritza". Azkoitia Hiria Xake Txapelketa - Joxe Azkue Memoriala ere jokatu ahal izan dutela nabarmendu dute.

Klubak egin duen "jauzi teknologikoa" ere aipatu nahi izan dute; izan ere, aurten zuzenean jarraitu ahal izan dira klubaren webgunean xakelarien partidak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide