Espainiako loteriak 2,35 milioi euro utzi ditu Azkoitian

Julene Frantzesena eta Ane Olaizola 2021ko abe. 22a, 14:12
La fuente de la fortuna administrazioko kideak saria han egokitu dela jakinberritan. (Andoni Elduaien)

Bosgarren sarietako baten zati bat egokitu da Azkoitian; hain zuzen ere, 89.109 zenbakia izan da sariduna. Zenbaki horren 395 dezimo saldu dituzte Kale Nagusiko Fuente de la fortuna administrazioan, Jausoro auzoko Goxo Goxo kafetegian eta Aizarnazabalgo Troxka tabernan.

Espainiako loteriaren Gabonetako zozketak 2,35 milioi euro utzi ditu Azkoitian. Bosgarren sarietako baten zati bat egokitu da Azkoitian; hain zuzen ere, 89.109 zenbakia izan da sariduna. Zenbaki horren 395 dezimo banatu ditu Kale Nagusiko Fuente de la Fortuna administrazioak; horietako batzuk administrazioko leihatilan eta besteak Jausoro auzoko Goxo Goxo kafetegian nahiz Aizarnazabalgo Troxka tabernan saldu dira.

Kale Nagusiko Fuente de la Fortuna administrazioan zenbaki horren 60 serie zituzten. "Etxera bidean gindoazen albistearen berri izan dugunean, eta berriz dendara itzuli gara", adierazi dute loteria dendako arduradunek. Ez da aurreneko aldia Fuente de la Fortuna administrazioak Gabonetako eta Erregetako zozketan aurreneko sarietako bat banatzen duela, eta gaurkoan ere "urduritasun eta ilusio handia" sentitu dituztela azpimarratu dute.

Goxo Goxon ere pozarren ospatu dute bosgarren saria, eta hura kafetegian saldu dela jakin bezain pronto hainbat saridun eta auzotar bildu dira atarian. "Lanean nengoen, eta jendea deika hasi zait, esanez sariren bat suertatu dela kafetegian. Ateratzeko falta zen bosgarren saria saldu dugula ohartu gara, eta berehala etorri dira auzotarrak, xanpaina eta guzti. Denon artean ari gara ospatzen".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide