Osakidetzako lehen mailako arretaren "egoera jasanezina" salatzeko, elkarretaratzea egingo dute bihar anbulatorio aurrean

Andoni Elduaien 2021ko abe. 21a, 12:53
Azkoitiko anbulatorioaren aurrean egingo dute elkarretaratzea.

13:00etan egingo dute elkarretaratzea Azkoitiko anbulatorioaren aurrean. Hainbat sindikatuk egin dute bat deialdiarekin.

ELA, Satse, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek elkarretaratzeak deitu dituzte biharko, abenduak 22. Osakidetzako lehen mailako arretaren "egoera jasanezina" salatzeko eta "benetako eta berehalako konponbideak" eskatzeko, herri eta hiri guztietako osasun zentroen aurrean kontzentrazioak egingo dituzte. Azkoitiko anbulatorioaren aurrean 13:00etan egingo dute elkarretaratzea.

Sindikatuek lehen mailako arretaren aurrekontua handitzea eskatzen dute, EBren parera iritsi arte –BPGaren %7–. Gainera, lan taldeak "berehala indartzea" eta kategoria guztietan giza baliabide "nahikoa" ematea nahi dute; izan ere, 1.000 plaza gehiago behar direla aurreikusi dute. Era berean, aldi baterako langileak finkatzea eta gehiegizko aldi baterako kontratazioarekin amaitzea eskatu dute, baita lan-kargak arrazionalizatzea eta absentzia guztiak lehen egunetik ordezkatzea ere.

"Lehen mailako arreta lehenesten eta indartzen duen estrategia bat behar da, hamarkada bat baino gehiago daramatzan desegitearekin kontrajarrita". Sindikatuek dei egin diete ildo berean lan egiten duten plataformei eta mugimenduei, mobilizazioa babesteko eta aurrerantzean elkarrekin lan egiteko nahiz egoerari "buelta" emateko. Azkoitiko EH Bilduk elkarretaratzean parte hartuko duela iragarri du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide