COVID ziurtagiria: zalantzak eta kezkak

Maialen Etxaniz 2021ko abe. 19a, 15:38

Asteazkenean ezarri zuen Eusko Jaurlaritzak COVID ziurtagiria Gipuzkoa, Bizkarian eta Araban, eta 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 300 kasutik gorakoa den herrietan agiria erakutsi beharko da leku itxi gehienetara sartzeko, besteak beste, ostalaritza gune, kiroldegi, kulturgune, zahar etxe, osasun zentro eta ospitaleetan. Gune horietako ordezkariekin hitz egin du Erlo Telebistak.

COVID ziurtagiria hedatzearekin batera iritsi dira kezka eta zalantza berriak. Eusko Jaurlaritzak aginduta, asteazkenetik dago indarrean ziurtagiriaren erabilera ostalaritza gune, kiroldegi, kulturgune, zahar etxe, osasun zentro eta ospitaleetan. Zenbait lekutan lehen egunetik eskatu dute ziurtagiria, baina beste askotan ez, ezjakintasuna eta baliabide falta tarteko. Zerbitzuen arloan ez ezik, bestelako kezkak eta beharrak ere eragin ditu COVID ziurtagiriak. Esaterako, kultur arloan eta adinekoen artean. 

Azpeitiko Kulturaz kooperatibako kideek, egoera konplexua dela azaldu dute. Ildo beretik mintzatu dira eskualdeko ostalari asko. Intz tabernako Omar Aizpuruk dio "zentzu gutxi eta zailtasun asko" ikusten dizkiola ezarritako neurriari. 

Jatetxeetan eta tabernetan ez ezik, ziurtagiriaren ezarpenak eragin zuzena izan du gimnasio eta kiroldegietan. Instalazioetako arduradunak kezkaz agertu dira. Horietako bat da Azkoitiko Galacer gimnasioko Kaiet Arce. 

Azpeitiko udal kirol instalazioetan ere hartu beharreko neurriak eta horiek bermatzeko moduak pentsatzen aritu dira egunotan. Hori dela eta, astelehenetik aurrera hasiko dira ziurtagiria eskatzen. Azkoitiko Elkarguneko arduradunek adierazi dutenez, beraiek ere agiria eskatuko dute, Eusko Jaurlaritzak agindutakoa betez. Dagoeneko hasi dira pasea eskatzen Azkoitiko Elkargunean, baita Baztartxo antzokian ere.  

Bestelako kezkak dituzte Zestoako 3Z jubilatu elkarteko kideek. COVID ziurtagiriaren ezinbestekotasunak egonezina sortu du adinekoen artean, euskarri teknologikoen beharra tarteko. Hori dela eta, teknologia arrakalaz jabetuta, ziurtagiriak ateratzeko saioak antolatu dituzte Zestoan. 

Galderak eta zalantzak; besteak beste, horiek dira azken egunotan COVID ziurtagiriaren ezarpenak eskualdean utzi dituenak. Badirudi aste berriarekin batera zehaztuko dituztela tokian tokiko neurriak eta irizpideak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide