Manex Ansorregik jaso du 2021eko Kirolari Onenaren saria

Anartz Izagirre 2021ko abe. 17a, 20:32

Urteko Kirolari Onenaren saria banatu dute gaur, ostirala, udaletxean, eta Manex Ansorregi saskibaloi jokalaria izan da boto gehien jaso dituen kirolaria. Horrez gain, beste hainbat modalitatetan aritzen diren hamalau kirolarik garaikurrak jaso dituzte ekitaldian.

Manex Ansorregi saskibaloi jokalariak eskuratu du Azkoitiko Udalak banatzen duen Urteko Kirolari Onenaren saria. Gaur, ostirala, izan da sari banaketa ekitaldia udaletxean, eta bertan izan dira hamabost kirol diziplinatan lehiatzen dabiltzan eta sariketarako izendatuta zeuden herriko kirolariak. Javier Zubizarreta alkatea izan da saioan hitza hartzen lehena, eta hark kirolari guztiak zoriondu ditu urtean zehar egindako lanagatik eta lorpenengatik. Ondoren, banaka-banaka, garaikurrak eman dizkiete saria jasotzeko izendatuta zeuden kirolariei.

Sonia Vazquez Kultur zinegotzia izan da saioa gidatu duena, eta alkateaz gain, Angel Martin, Ana Azkoitia eta Janire Igoa zinegotziak izan dira sariak banatzen. Oroigarriak banatu ostean, bozketa fasea hasi da, eta urtero legez, hautagai bakoitzak beste hautagai baten aldeko boto bana eman du. Horrez gain, udaleko ordezkariek bi boto eman dituzte, eta ekitaldira joan diren hedabideetako ordezkariek —tartean, Maxixatzen— ere boza emateko abagunea izan dute. Sari nagusia lortzeko lehia parekatuta egon den arren, Ansorregi izan da boto gehien jaso dituen kirolaria, eta bera izendatu dute 2021eko Urteko Kirolari.

Gabonak gerturatzearekin batera, udalak urtero omentzen ditu azken denboraldian kirol modalitate ezberdinetan gailendu diren kirolariak, kirolariei publikoki aitortza egiteko xedez. Iaz ez zen ekitaldirik egin koronabirusak eragindako pandemia medio, eta 2019an Jone Zabaleta izendatu zuten Urteko Kirolari.

Hona hemen gaurko ekitaldian omendu dituzten hamabost kirolariak:

Esku pilota:

Mikel Aranbarri

Futbola:

Xabier Artetxe

Karate:

Markel Piris

Xakea:

Anibal Fernandez

Mendia:

Borja Zubizarreta

Atletismoa:

Bingen Aranbarri

Igeriketa:

Olaia Gaitan

Triatloia:

Jon Albizuri

Ehiza:

Beñat Astigarraga

Arrantza:

Aimar Ansola

Tenisa:

Auritz Alkorta

Boloak:

Santos Muñoz

Saskibaloia:

Manex Ansorregi

Gimnasia erritmikoa:

Nikole Aranbarri

Herri kirolak:

Ion Unanue Goenatxo III.a

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide