Azkoitian 45 kasu positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan

Juan Luis Romatet 2021ko abe. 16a, 14:38

Intzidentzia tasak gora egin du berriz ere herrian, oraingoan 130 puntu baino gehiago. Eskualdean, Azpeitian, Zarautzen eta Orion izan dituzte positibo gehien. Urola Kostako herri guztietan detektatu dituzte kasu positiboak, Aizarnazabalen izan ezik.

Seigarren olatuak indartsu jarraitzen du. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguerdian argitaratutako datuen arabera, Azkoitian 45 kasu positibo zenbatu dituzte astelehenetik atzo, azkena, bitartean egindako PCR eta antigeno probetan. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasaren igoera ekarri dute azken egunetan atzemandako positiboek; izan ere, 133 puntu egin du gora, 1.285,15etik 1.418,86ra. Astelehenean hogei positibo detektatu zituen Osasun Sailak Azkoitian, hamabi asteartean eta hamahiru atzo.

Urola Kosta eskualdean, bestalde, guztira 358 kasu positibo detektatu dira Urola Kostan hiru eguneko epean. Aurreko egunetan gertatu bezala, Azpeitian eta Zarautzen izan dituzte kasu gehien, baina kezkatzekoa da, baita ere, Orion detektatutako positibo kopuru handia.  80 kasu detektatu dira Azpeitian astelehenetik asteazkenera bitartean egindako probetan. Horren ondorioz, Urola Erdiko herriak duen 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 2.660,97koa da. Astelehenean plazaratutako datuekin alderatuta, ia 150 puntu jaitsi da tasa, hau, baina, hala ere, eskualdeko handiena da oraindik ere.

Zarautzen, aldiz, 75 kasu atzeman dituzte hiru eguneko epean, eta tasa 1.683,30ekoa da. Hemen ere jaitsi egin da tasa asteleheneko datuekin alderatuta, 47 puntuan, hain zuzen. Orion, berriz, beste 60 kasu izan dituzte, eta intzidentzia tasa 2.641’88koa da kostaldeko herri honetan: 815 puntu igo da tasa aste hasieratik hona.

Gainerakoan, 38 kasu baieztatu dituzte Zestoan –2.182,85eko tasa–, 24 Zumaian –936,21eko tasa–, hamahiru Aian –1.964,74ko tasa–, 11 Getarian –1.378,09ko tasa–, hiru Errezilen –1.127,21eko tasa–, eta bakarra Beizaman –4.838,71ko tasa–. Azken hiru egunetan Aizarnazabal izan da kasu positiborik hauteman ez duten herri bakarra; 1.170,35 tasa du gaur gaurkoz. 

Ospitaletako egoera

Eskualdetik kanpoko panorama ez da hobeagoa. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 6.624 kasu positibo eman dira azken hiru egunetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Osakidetzaren menpeko erietxetan 299 lagun daude ospitaleratuta, eta Zaintza Intentsibotako Unitateetan COVID-19agatik dauden pertsonak 100 dira.

Nafarroari dagokionez, azken datuen arabera 709 positibo izan ziren hilaren 14an, asteartean, eta hamabost lagun ospitaleratu zituzten egun horretan. Hiru lagun zeuden ZIUetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide