AFMECEKO PRESIDENTEA

Aitor Alkorta: "Argi dago gure industrian sare garrantzitsua daukagula"

Maxixatzen.eus 2021ko abe. 20a, 10:00

Iaz heldu zion Goimek enpresako gerente Aitor Alkorta zumaiarrak AFMEC Mekanizazio eta Eraldaketa Metalmekanikoen Espainiako Elkarteko presidente karguari. Bere esanetan, "jauzi naturala" izan da, elkartea sortu zenetik bertan egon baita, azken urteak presidenteorde gisa, gainera. Etorkizun laburrera begira, hainbat lan ildo eta erronka dituzte esku artean sektorea indartzeko. Azaroko Ekonomia gehigarriko edukia da honako elkarrizketa hau.

AFMECeko presidente berria zara, duela hilabete batzuk heldu baitzenion karguari. Nolakoak ari dira izaten zure lehen urratsak postu berrian?

2020ko azaroan izan genuen batzar orokorrean AFMECeko presidente izendatu ninduten, baina elkartearekiko nire konpromisoa aspalditik dator. Izatez, elkarteko zuzendaritza batzordean nago sortu zenetik, eta azken bi urteetan presidenteordea izan naiz. Beraz, elkartea oso ondo ezagutzen dut, eta orain arte eman diren urrats guztietan parte hartu dut. Nire helburu nagusia da aurretik egon diren bi presidenteen –Antxon Lopez Usozen eta Alberto Perezen– lan ezin hobeari jarraipena ematea eta AFMEC elkarteko lantaldeari konfiantza osoa transmititzea, egiten ari diren lana bikaina baita.

Zuzendaritza batzordea berritzeko hauteskundeetan aukeratu zintuzten presidente. Goimek enpresako gerentea izateak konfiantza eman zien elkarteko bazkideei?

Goimek kooperatiba bat da, eta era honetako elkarlanak eta elkarkidetzak egitera ohituta gaudenez, inplikazioa erabatekoa izan da proiektu honetan, zuzendaritza batzordean dauden beste enpresa askorena bezala. Elkartearentzako garrantzitsua da, noski, barruan enpresa konprometituak egotea, eta, zentzu horretan, argi dago Goimek moduko enpresa baten parte hartzeak konfiantza ematen duela. Elkarte berrien sorreran, behar-beharrezkoa da konfiantza sortzea eta lantzea, eta horretarako, hasieran norbaitzuk eman behar dituzte lehen pausoak. Beraz, ni presidente aukeratzeko arrazoi nagusia izan da batez ere aurreko urteetan elkartean izandako inplikazioa. Edonola ere, nire ustez ez da garrantzitsua nor den presidentea, baizik eta elkarlanean egiten ari garen bidea eta dauden beharren inguruan pausoak ematea nahiz adostasunetik lan egitea.

Zer ardurarekin ari zarete orain buru-belarri?

Aurten, lau lan ildo nagusi lantzen ari gara: internazionalizazioa, teknologia, marketina eta talentua. Internazionalizazioan, enpresak laguntzen ditugu atzerrira pausoa ematerakoan erraztasunak izan ditzaten, azoketan parte hartzeak antolatuz eta bezeroak bisitatzeko bidaiak eginez.

Teknologiari dagokionez, enpresei teknologia proiektuak aurrera eramaten lagundu ohi diegu, beste enpresa batzuekin elkarlanean edota banaka. Orain, buru-belarri gabiltza enpresek makina berrietan inberti dezaten dirulaguntzez informatzen eta proiektuetan laguntzen. Alor honetan ere, makinen segurtasuna bermatzeko zerbitzua eskaintzen zaie enpresei.

Marketin lan ildoan, berriz, sektorearen errealitatea erakusten saiatzen gara. Mekanizazioaren eta eraldaketa metalmekanikoaren sektorea funtsezkoa da ehun produktiboaren lehiakortasuna bermatzeko. Zerbitzu onena emateko prestatuta dauden enpresa modernoek osatzen dute gure sektorea. Langileak oso ondo prestatuta daude industriako sektore guztiei zerbitzua emateko, gure bezeroei fabrikazio egokiagoak ahalbidetuz eta lehiakortasun maila hobetuz. Errealitate hau gizarteratzen saiatzen da elkartea, eta, horretarako, sektorearen eta enpresen berriak zabaltzen ditugu, katalogoa prestatzen dugu, webgune eguneratu bat daukagu, prentsa oharrak zabaltzen ditugu, merkatuko egoerari dagozkion datuak eta estatistikak egiten ditugu, eta sare sozialetan ere aktiboak gara.

Eta, jakina, talentuan oinarritutako lan ildoa ere badugu. Zentzu horretan, talentua sektorera erakartzeko eta gazteek gure sektorea beraien etorkizun profesionalerako leku egokitzat ikus dezaten lan egiten dugu. Sektorea osatzen duten eta enpresetan lan egiten duten pertsonak trebatzeko ere lan egiten dugu, etengabeko aurrerapen teknologikoetan eta beste hainbat alorretan treba daitezen. Lan honetan IMH dugu, AFM Clusterreko hezkuntza kanpusa, fabrikazio aurreratu eta digitalean espezializatua, gure enpresek eskatzen duten prestakuntzan erreferente.

Elkartea duela bost urte sortu zen mekanizazio sektorearen erronkei aurre egiteko asmoz. Ezinbestekoa zen elkarte bezala biltzea?

AFMECek bost urte bete ditu aurten, baina aurretik denbora generaman sektoreko enpresa batzuk elkartzen eta proiektuaren zutabeak finkatzen. Urte oso intentsoak izan dira, eta sektorearentzako garrantzitsua den proiektu bat sendotu dugu. Oso balorazio positiboa egiten dugu: sektoreak beharrezkoa zuen horrelako elkargune bat sortzea, enpresei balio erantsia eskaintzen baitie. Sektorearen erronkei buruz ikuspuntuak partekatzeko bilgune bat izateaz gain, enpresen zerbitzura lantalde profesional bat izatea ahalbidetzen digu, guretzako interesgarriak diren zerbitzuak eskaintzeko eta aurrez aipaturiko lan ildoak jorratzeko.

Behin elkarte gisa funtzionatzen hasita, zer-nolako garapena izan duzue?

Elkartea sortu zenean, 2016an, gure hasierako lan nagusia komunikazioa izan zen. Euskal Herriko hamahiru enpresa batu ginen, eta elkartea ezagutarazi behar izan genuen. Horretarako, hemendik harago begiratu behar genuen; ez zen nahikoa inguruko enpresekin hitz egitea. Kanpora begira ere jarri behar izan genuen, eta nabarmentzen hasi, azoketan parte hartuz, sareetan mezuak zabalduz eta gutxinaka interesa piztuz sektoreko enpresengan. Gaur egun, 169 enpresa gara, horien erdiak Euskal Herrikoak, eta hazkunde prozesuan jarraitzen dugu.

Lan hori egiten ari ginen bitartean, gure enpresentzako interesgarriak ziren zerbitzuak sortzen hasi ginen. Zentzu horretan, AFMEC elkartea AFM Cluster erakundearen barruan egoteak abantaila asko ekarri ditu, zerbitzu asko jadanik martxan zeudelako. Gure sektorera egokitzea errazagoa izan da. Eta, orain, zerbitzuak sendotzen ari gara, eta pixkanaka berriak sortzen, enpresek adierazten dituzten beharrei erantzunez. Hori horrela, elkarte oso aktiboa gara.

Gaur egun, 169 enpresa barnebiltzeaz gain, AFM Clusterren integratutako 500 enpresa baino gehiagorekin egiten duzue lan. Ez dago dudarik sektore garrantzitsua osatzen duzuela.

Bai, horrela da. AFM Clusterren barnean elkarte desberdinak ditugu. Mekanizatzaile eta metal eraldaketan lan egiten duten enpresentzako sortu genuen AFMEC elkarteaz gain, beste lau elkarte gehiago ditugu. Alde batetik, makina erreminta sektorea biltzen duen AFM, aurten 75 urte betetzen dituena. Bestetik, teknologia gehigarrian ari diren enpresak batzen dituen ADIMAT. Esku erremintak eta burdindegiko produktuak ekoizten dituzten enpresak ditugu Eskuin elkartean. Eta, azkenik, UPTEK elkarte berria dugu, fabrikazio aurreratu eta digitaleko start-up enpresak batzen dituena. Guztion artean, fabrikazioaren inguruan komunitate bat sortu dugu. Balio kate bereko fase desberdinetan lan egiten dugun enpresak gaude barnean, batzuk lehiakideak, beste batzuk elkarren osagarriak, eta guztion artean sinergiak topatzeko aukera eskaintzen digu AFM Clusterrek.

Egoitza Gipuzkoako Parke Teknologikoan kokatuta egoteak zerikusirik ba al du mekanizazioaren eta eraldaketa metalmekanikoaren sektoreko enpresak Euskal Herrian duen presentzia nabarmenarekin?

Argi dago gure industrian sare garrantzitsua daukagula. Sare hori hornitzaileek, ekoizleek, bezeroek, teknologia zentroek, hezkuntza zentroek eta administrazioek osatzen dugu, eta denon artean ahalbidetzen dugu guztiok lehiakorragoak izatea. Guk normaltzat hartzen dugu sare hori izatea, ohituta baikaude horretara. Baina hemen daukaguna ez da batere ohikoa: atzerritik datozenek inbidiaz begiratzen digute, hain kilometro gutxian daukagun sare eta gaitasun bikainagatik. Espainian badira zonalde gehiago, baina ez nuke esango guk dugun mailako sarerik sortzen dutenik. Hemengo kontzentrazio eta kultura industriala oso argiak dira. Eta, beraz, dudarik gabe, elkartea Euskal Herrian eta Gipuzkoan egoteak zerikusi handia du hemen inguruan dugun sare horrekin.

Eta Urola Kosta eskualdean, zenbateko indarra du mekanizazioaren sektoreak?

Urola Kosta eskualdeak indar handia du mekanizazio sektorean; eskualde garrantzitsua eta tradizio handikoa da. Izatez, elkarteko enpresa guztien %7 Urola Kostan daude kokatuta. Orokorrean, Gipuzkoa oso lurralde industriala da, eta eskualde guztiek dute pisu nabarmena mekanizazioari dagokionez, baina Urola Kostak duen kontzentrazio maila aipatzekoa da. Beraz, normala da bertan interes handia izatea.

Elkarteko presidente hautatu ondoren eskaini zenuen lehen hitzaldian lankidetzaren garrantzia nabarmendu zenuen. Zergatik?

Enpresen arteko lankidetza sustatzearen erronka garrantzitsua delako. Enpresa txikiz osatutako sektorea gara; elkartea osatzen duten 169 enpresen batez besteko tamaina 23 langilekoa da. Beraz, "eraiki dezagun txikitik handi”. Sektore honetan lan egiten dugunok badakigu exijentea dela, eta sarritan enpresa txiki batean egin ezin diren hamaika proiektu geratzen direla bidean. Urola Kostan mekanizazio sektorean lan egiten duten enpresa txiki asko daude, eta beraz, aukera dute elkartearen laguntza eta babesa jasotzeko. Hori dela eta, lankidetza funtsezkoa da tamaina jakin bateko proiektuei aurre egiteko, eta, horrela, etengabeko bilakaeran dagoen ingurune batean lehiakor izaten jarraitu ahal izateko. AFMEC elkartea bera sektoreko enpresen lankidetza borondatearen adibide garbia da. Lankidetza horiek proiektu sendoak eta etorkizunekoak bilakatzen lagundu behar digute, eta, gisa horretan, gure herrietan eta eskualdeetan lanpostuak mantendu eta berriak sortu.

Era berean, hainbat erronka jarri zenituen mahai gainean, baina batez ere digitalizazioan egin zenuen azpimarra berezia.

Gainerako sektore industrialetan bezala, inguruan gertatzen ari diren etengabeko aldaketek gurean ere erronka garrantzitsuak eragiten dituzte. Eta nabarmendu beharreko erronketako bat digitalizazioarena da, baina argi eduki behar dugu digitalizazioa ez dela helburu bat, erreminta edo bide bat baizik. Teknologia digital berriek negozio aukerak sortzen dituzte, baita lan egiteko erak hobetzeko bideak ere, eta gure sektoreak hori aprobetxatu behar du. Enpresek aldaketa teknologiko horietara egokitu behar dute etengabe, jendea trebatuz, pertsonak aldaketa horren parte eginez, lantegiak eta ekipamenduak behar bezala prestatuz. Digitalizazioan aurrerapausoak eman ahal izateko, enpresek pertsonen formakuntzan eta ekipamendu modernoetan inbertitu behar dute, balio erantsi handiagoa duten produktuak fabrikatu ahal izateko eta lehiakortasuna handitzeko, punta-puntako teknologiak eta ekipoak erabiliz, eta, aldi berean, kualifikazio handiko lanpostu egonkorrak sortuz.

Talentua industriara erakartzea ere aipatu zenuen.

Sektoreak duen beste erronka garrantzitsuetako bat da. Ondo prestatutako pertsonek lagunduko digute hazten, lehiakorrak izaten eta etorkizuneko proiektuak eraikitzen. Prestakuntza altuko jendea duen sektorea gara, eta enpresek trebakuntzan inbertitzen dute. Horrela, lanpostu egonkorrak ditugu. Gaur egun, ordea, prestakuntza ziklo teknikoak amaitzen dituzten gazteak ez dira nahikoa sektorean dagoen lan eskaintzari erantzuteko. Gazteei beraien etorkizun profesionalean gure sektoreak zer eskain diezaiekeen erakusteko beharra dago. Enpresek, hezkuntza komunitateak eta erakundeek bat egin behar dugu erronka honi aurre egiteko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide