INDUSTRIA 4.0

Eraldaketan murgiltzeko garaia

Digitalizazioaren bidean urrats berriak ematea da enpresa ororen erronka nagusienetakoa. Horri buruzko hainbat ondorio plazaratu ditu Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak 'Industria 4.0 trantsiziorako ekintza planak Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainetan' izeneko txostenean. Azaroko Ekonomia gehigarriko edukia da honako artikulu hau.

Urola Kostako datu mapak garbi erakusten duenez –aurreko bi orrialdeetan ikus daiteke–, zerbitzuen eta industriaren sektoreek dute pisu gehien eskualdean; zehazki, 11 herrietatik zazpitan industria sektorean dago langile gehien. Sektore garrantzitsuagoak edo apalagoak izan, antzeko erronkak dituzte guztiek, eta horien artean nagusienetakoa da digitalizazioari lotutakoa. Beste era batera esanda, Industria 4.0 deiturikoan pausoak ematea dute helburu enpresek.

Enpresa txiki, ertain zein handi, guztiak ari dira alor horretan lanean, eta Gipuzkoan horien bidelagun dira Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutua, Foru Aldundia eta tokiko garapen agentziak –Iraurgi Berritzen eta Urola Kostako Udal Elkartea eskualdean–. Hain justu, aurten argitaratu du Orkestrak Industria 4.0 trantsiziorako ekintza planak Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainetan izeneko txostena.

Txosteneko laginean herrialdeko 85 enpresak parte hartu dute, baita tokiko garapen agentzia guztiek ere. Hau da, eskualde guztietako enpresak daude laginean. Enpresa gehienak metal eta metalezko produktuen sektorekoak dira (%45,5), 20 eta 49 langile artean dituzte (%59,4) eta bi eta hamar milioi euro bitarteko salmenta kopurua dute (%62).

2019an eta 2020an egindako lanketatik hainbat ondorio atera dituzte. Batetik, enpresetan txertatzeko gehien aukeratutako 4.0 teknologiak, honako hauek izan dira, hurrenez hurren: automatizaziorako teknologiak, integrazio sistema horizontal eta bertikalerako teknologiak, big data eta datu analisirako teknologiak eta gauzen internet industriala –taulan ikus daitekeenez, Urola Kostan desberdina da hurrenkera–. Teknologia horiek bi helburugatik aukeratu dituzte nagusiki: fabrikazio operazioen datu analisia edo datuen babesa hobetzea; eta fabrikazio prozesuen kostu egitura hobetzea. Eta, batez ere, enpresaren produkzio prozesuan txertatu dituzte teknologia horiek.

Berrikuntza teknologikoak egiteko, ordea, beharrezkoa da beste maila bateko pausoak ematea ere. Baldintza ez teknologikoak deitzen zaie horiei, eta honakoak aukeratu dituzte enpresek: Industria 4.0 plana definitzea eta idaztea; antolaketa eredua egokitzea; merkatuak Industria 4.0ko aplikazioak onartzen dituen aztertzea; eta pertsona kualifikatuak izatea. Helburu argiekin egin dute hori enpresek: nagusienak izan dira enpresaren eraldaketa estrategia bultzatzea, barne gaitasunak garatzea eta antolaketa moldatzea.

Zailtasunen berri ere ematen du txostenak: batez ere baliabide ekonomiko falta aipatu dute enpresek, baita dirulaguntza programen konplexutasuna kudeatzeko gaitasun eza ere. Horiez gain, prozesuan ziren bitartean denborarik ez edukitzea edota lehentasunak aldatu izana aipatu dituzte. COVID-19aren krisiaren ondorioak ere zerrendatu dituzte zailtasunen artean.

Bestalde, txostenaren egileek azpimarratu dute inbertsioen finantzazioa laguntzeaz gain, programa publikoek berrikuntza sistemako eragileen gaitasunak garatu eta beren arteko lankidetza bultzatu behar dutela. "Ekintza plan hauek ahalbidetu dute EAE mailako berrikuntza sistema osatzen duten eragileen arteko saretzea, eta horretan, giltzarri da agentziek 'familia mediku' papera betetzea".

Azkenik, nabarmendu dute eraldaketa prozesua ez dela 4.0 teknologien txertaketara mugatzen, eta giltzarria dela enpresaren eraldaketa orokorragoa ahalbidetzen duten arlo ez teknologikoak garatzea.

Eskualde anitza da Urola Kosta, baita ehun ekonomiari dagokionez ere, baina Orkestrak ondutako txostenak eta haren ondorioek erakusten dute epe laburrean eta ertainean enpresek segitu beharreko bidea zein den.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide