'Aita Mari' dokumentala emango dute ostiralean Baztartxon

Andoni Elduaien 2021ko abe. 14a, 11:59
Dokumentalaren irudi bat. (Aita Mari)

19:00etan emango dute dokumentala Baztartxo antzokian. Ikus-entzunezkoa ikusteko sarrera doakoa izango da. Erreskate ontzia martxan jarri zutenetik itsasoratzea lortu zuten arteko ibilbidea jaso dute dokumentalean.

Ostiralean, abenduak 17, Aita Mari dokumentala eskainiko dute Baztartxo antzokian. 19:00etan hasiko da ikus-entzunezkoaren emanaldia, eta ikusi nahi dutenek doako sarrera izango dute. Itsas Salbamendu Humanitarioak (SMH) Garapenean Bidelagun aste solidarioaren barruan antolatutako ekintza izango da.

Stella Maris Berria desegite bidean zegoen atunontzia da. Hala ere, Iñigo Mijangosek eta Iñigo Gutierrezek, Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEko bi kidek, ezohiko ideia izan zuten: Mediterraneo itsasoan itotzen ari diren errefuxiatuak salbatzeko erreskate ontzia martxan jartzea. Horrela jaio zen Aita Mari itsasontzia.

Ontzia berreraiki zutenetik lehen erreskatea egin zuten arteko ibilbidea kontatzen du dokumentalak. Batetik, langileek eta boluntarioek itsasontzia berregokitzeko egin zuten lana azalduko dute, eta bestetik, Espainiako Gobernuak itsasoratzeko baimena ukatu zioten unea. Era berean, Aita Mariren misioa eragotzi zuten oztopo burokratikoen eta interes europarren arrazoiak ere argitu dituzte ikus-entzunezkoan.

Ia urtebete geroago, egoera desblokeatzeko modua aurkitu zuen Aita Marik eta itsasoratzea lortu zuen. Mediterraneora iritsi zirenean, paterak bilatzen hasi ziren Libiaren (Afrika) zaintzapean dagoen eremu batean. Argazkien bidez erreskate bat erakutsiko dute, baita Libiako patruila ontzi batekin izandako topaketa tirabiratsu bat ere. Aita Mari herritar talde batek gerratik eta gosetik ihesi doazen pertsonei laguntzeko egiten duen ahalegin kolektiboaren historia da.

Hona hemen dokumentalaren aurrerapen bideoa:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide