Gaurtik hilaren 21era bitartean eros daitezke haurren Gabon parkerako sarrerak

Andoni Elduaien 2021ko abe. 13a, 09:35
2018ko Gabon parkeko irudi bat.

Azkoitiko Gazte Zerbitzu Bulegoan erosi beharko dira Gabon parkerako sarrerak. Hiru egunetan zabalduko dute parkea, eta egun bakoitzak lau txanda eta erabiltzaile kopuru jakin bat izango ditu.

Abenduaren 28an, 29an eta 30ean zabalduko dute aurten haurrentzako Gabonetako parkea, eta jarri dituzte salgai hara joan nahi dutenentzako sarrerak. Gazteria sailak jakinarazi du, "COVID-19ak eragindako antolaketari dagokion ziurgabetasuna tarteko", aurten Gabonetako haur parkerako sarrerak aurrez eskuratu beharko direla; izan ere, txanda bakoitzean erabiltzaile kopuru jakin bat sartuko da parkera.

Haurren Gabonetako parkerako sarrerak Gazte Zerbitzu Bulegoan egongo dira salgai gaurtik hilaren 21era bitartean. Astelehenetik ostegunera, 16:30etik 19:30era egongo da irekita bulegoa, eta ostiralean 10:00etatik 12:00etara nahiz 16:30etik 20:00etara.

Parkeko egunak lau ordutegitan banatu dituzte, eta sarreraren prezioa desberdina izango da txanda bakoitzean. Lehen txanda, 11:00etatik 13:00etara egingo dute; bigarren txanda, 15:00etatik 16:00etara izango da, eta tarte horretan aniztasun funtzionala duten haurrek izango dute lehentasuna. Hirugarren txanda, 16:00etatik 17:50era izango da; eta laugarren eta azken txanda, 18:10etik 20:00etara. Aniztasun funtzionala duten pertsonek lehetasuna duten tarterako sarrerak euro bat balio du. Aldiz, beste hiru tarteetan sarreraren prezioa bi eurokoa izango da. Gazteria sailak gogorarazi du haurren gurasoek Elkarguneko harmailetan egon beharko dutela

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide