Azkoitiko Udalak Kultura Saria emango du

Andoni Elduaien 2021ko abe. 10a, 11:30

Herriko elkarteek eta herritarrek beren proposamena egin ditzakete gaurtik urtea amaitu bitartean. Online nahiz herriko zenbait gunetan egongo diren buzoietan egin dezakete herritarrek beren proposamena.

Azkoitiko Udalak Kultur Saria emango du aurrerantzean. Literaturan, pinturan, antzerkian, arkitekturan, dantzan edo kulturaren aterkipean egiten den beste edozein diziplinetan gailendu diren taldeei edota gizon-emakumeei aitortza egitea da udalak duen asmoa. 16 urtetik gorako azkoitiarrak sarituko dituzte Kultura Sarian. Azkoitiari egindako ekarpena edo herriari emandako oihartzuna eta euskararekin lotura izatea hartuko ditu kontuan udalak.

"Baditugu Kirolari Onenaren Sariak, eta ikusten genuen, kulturarekin zorretan geundela. Nolabaiteko aitortza behar zuten kulturari pil-pilean eusten dioten gizon-emakumeek eta elkarteek. Zor hori kitatu eta kulturari merezi duen tokia emateko asmoz, ekin genion lanari", azaldu du Sonia Vazquez Kultura zinegotziak. Udalak jakinarazi duenez, duela urtebete inguru hasi zen ziren Azkoitia Bai herri plataformak mahaigaineratutako proposamena lantzen, eta azken hilabeetan "ideia ontzen" joan dira, martxan jarri arte.

Udala herriko elkarteekin jarri zen harremanetan, eta orain, batzordea osatu dute udal ordezkarien eta egitasmoan parte hartu nahi duten elkarteetako ordezkarien artean. "Egia da kultur munduan nor gailendu den eta saria nork merezi duen erabakitzea ez dela beti erraza izango. Kirolean, denboraldian egindako markek irizpide bat ematen digute, baina kulturan, agian, ez da hain garbia, sorkuntzak ez duelako epe-mugarik. Edonola ere, zalantzak zalantza, egitasmoarekin aurrera egitea erabaki dugu. Behintzat aukera bat zabaldu nahi dugu".

Proposamenak egin daitezke

Sarituak aukeratzeko erabiliko den prozedura zehaztu du udalak, eta dagoeneko egin ditzakete herritarrek zein elkarteek beren proposamenak. Abenduaren 31ra bitartean egin ahalko dira proposamenak online nahiz herriko zenbait gunetan –Udaletxeko Harrera Bulegoan, Elkarguneko harreran eta liburutegian– jarri dituzten kutxetan. Online egin nahi dutenek, Azkoitiko Udalaren webgunean dagoen galdetegia bete beharko dute, edo kultu@azkoitia.eus helbidera idatzi.

Herritarren eta elkarteen proposamenak jaso ondoren, batzordeak merituen arabera erabakiko du Kultura Sarien irabazlea nor izango den. Adostasunik ez balego, berriz, herritarrek bozka bidez erabaki beharko dute irabazlea. Udalak herritarrak eta taldeak animatu ditu beren proposamenak egitera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide