Udal Gobernuak eta EH Bilduk aurrekontu akordioa lortu dute

Andoni Elduaien 2021ko abe. 10a, 11:07
Iraitz OtaƱo, ezkerrean, eta Ana Azkoitia, eskuinean. (Udala)

EH Bildu abestenitu egingo da udal aurrekontuen bozketan. Akordioan jaso dute etxebizitza alokairua ordaintzeko diru laguntzen aldaketa, Floreaga auzoko irisgarritasun proiektuaren hirugarren fasearen erredakzio proiektua egitea, euskara ikasteko doakotasuna bermatzea eta memoria historikoaren partida handitzea. Era berean, Ingurumen Udal Kontseilua edo Mahaia osatzea, errekak zein ibaiak garbitzeko diru partida sortzea eta herrian komunitate energetikoa sortzeko aukera aztertzea ere adostu dute bi aldeek.

EAJ eta PSE-EE alderdiek osatutako Udal Gobernuak eta EH Bilduk 2022. urterako aurrekontu akordioa lortu dute, besteak beste, etxebizitzan, irisgarritasunean edota ingurumen gaietan hartutako hainbat konpromisotan oinarrituta. "Lankidetza, akordioa eta konpromisoaren aldeko apustua" egin dute alde biek, "guztien onerako lanean" jarraitzeko xedez.

"Alderdi politikoen artean adostasunerako prestutasuna egotea, beti da lagungarria. Uste dut gure ardura dela kudeaketa modu positiboan eta eraikitzailean egitea, eta ildo horretan, akordio bakoitza lorpen bat da, hurbilketa bat, eta herritarrei ahalegin hori zor diogu", azaldu du Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak Udal Gobernuaren izenean. Iraitz Otaño EH Bilduko ordezkariaren hitzetan, berriz, "beti" daude akordioetara irekita, horiek "jendearen bizitzak hobetzeko" baldin badira. "EH Bildutik udal aurrekontuen inguruko akordioa lortu dugu; beraz, bozketan abstenitu egingo gara. Jendearen bizitzak hobetzeko gaude hemen eta horretarako jarraituko dugu lanean”.

Akordioaren nondik norakoak

Udal Gobernuak eta EH Bilduk lortu duten akordioak sei esparru konkretutan hartutako konpromisoak jasotzen ditu. Lehendabizikoak etxebizitzan du eragina. Etxebizitzaren alokairua ordaintzeko udalak ematen dituen diru laguntzen oinarriak aldatzeko konpromisoa hartu dute. Orain arte diru laguntza horiek 18 eta 35 urte tarteko gazteei eta zenbait kolektibori zeuden zuzenduta soilik, eta hartu duten konpromisoaren arabera, diru laguntzak herritar guztiei zabalduko dizkiete aurrerantzean; eskatzaileen baldintza ekonomikoak hartuko dituzte kontuan.

Floreagako hirugarren fasearen erredakzio proiektua egitea da Udal Gobernuak eta EH Bilduk lortu duten akordioak jasotzen duen beste konpromisoetako bat, aurreko faseei "jarraipena" eman ahal izateko. Ingurumenaren esparruan, berriz, Ingurumen Udal Kontseilua edo Mahaia sortuko da "sinergia berriak" garatzeko eta udalaren eta herritarren artean egungo "erronkei aurre egiteko". Halaber, diru-partida bat sortuko dute ibaiaren eta erreken garbiketa lanetarako. Larrialdi klimatikoaren harira, herrian komunitate energetiko bat sortzeko aukera aztertuko dute, herrira egokitutako proiektu bat sortu ahal izateko.

Akordioak bere baitan hartzen duen beste "konpromiso garrantzitsua" euskarari lotuta dago. Udalak euskaraz ikasteko diru laguntzak %100ean emango ditu, doakotasuna bermatuz. Halaber, memoria historikoaren partida handituko dute ikerketa lan bat egin ahal izateko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide