'Herri txiki, infernu handi' saioa grabatu dute Azkoitian

Andoni Elduaien 2021ko abe. 9a, 17:16
Pagadizabal eta Gurrutxaga, Kontzejupean. (Argazkiak: Orio Produkzioak)

ETB1 telebista kateko Herri txiki, infernu handi saioaren atal berri bat grabatzen aritu dira gaur, osteguna, Azkoitian. Hainbat herritar elkarrizketatu dituzte Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadizabal aurkezleek.

Herri txiki, infernu handi ETB1eko umorezko saioa Azkoitira iritsiko da 2022. urtean. Gaur, osteguna, egin dituzte grabaketa saioak Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadizabalek. Bi aurkezleek bederatzi herritar elkarrizketatu dituzte, eta Kontzejupetik hasiko dute programa; San Martin ermita ere bisitatu dute. Telebista saioaren zortzigarren denboraldiko hamazazpigarren saioa izango da Azkoitikoa.

Saioaren ekitaldi nagusia abenduaren 23an, ostegunez, grabatuko dute, 20:00etan. Azkoitiko Gurea pilotalekuan egingo dute Gurrutxaga zein Pagadizabal aurkezleek eta Xebastian Lizaso bertsolariak bakarrizketa saioa. ETB1k, berriz, urtarrilaren 23an eskaniko du telebistan kalean eta frontoian hartutako irudiekin osatutako saioa.

Telebista saioko kideek Maxixatzen.eus-i jakinarazitakoaren arabera, gonbidapena beharko da frontoian grabatuko duten saiora joateko, eta horiek udaletxean eskuratu ahal izango dira. Hala eta guztiz ere, udalak oraindik ez du adierazi gonbidapenak noiz eta non jaso beharko diren.

Pagadizabal, San Martin ermitako kanpaiari tiraka.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide