Azkoitia Baik zuzenketak aurkeztu dizkio Udal Gobernuaren aurrekontu proposamenari

Andoni Elduaien 2021ko abe. 3a, 08:15
Jose Joakin Etxaniz zinegotzia, udaletxeko bilkura aretoan.

Herrilab +700 parte hartze prozesuan herritarrek egindako ekarpenetan oinarritu da Azkoitia Bai Udal Gobernuak egindako aurrekontu proposamenari zuzenketak egiteko. Ingurumen arloan egin ditu Jose Joakin Etxaniz buru den udal taldeak proposamen gehien.

Azkoitia Bai herri plataformak herenegun, asteazkena, aurkeztu zituen Udal Gobernuak 2022ko aurrekontu proposamenari egindako zuzenketak. Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Baiko zinegotziak azaldu duenez, Herrilab +700 herritarren parte hartze prozesuan herritarrek emandako iritziak hartu dituzte aintzat beren ekarpenak egiterakoan. "Azken urteetan lanean fin dabiltzan herriko ingurumen arloko taldeei laguntzeko egin ditugu ekarpen gehien, kultura, berdintasuna, integrazioa eta zaintza ahaztu gabe".

Ingurumen arloan, Azkoitia Baik eskatu du zaborra ibaira erortzea ekiditen duen sareak jartzeko partida igotzea. "Dagoeneko lokalizatuta ditugu zenbait eremu, eta ezinbestekoa ikusten dugu gune horiek babesteko partida 7.500 eurotik 22.000 eurora igotzea". Era berean, Urola Bizirik natur taldeak egin nahi duen sentsibilizazio proiektu baterako partida ere eskatu du Etxanizek. Izan ere, Munoaundi inguruko lur batzuen balorizazioa gauzatzeko, eta bide batez, lanketa pedagogiko bat aurrera eramateko, "tresneria falta" du taldeak. Material hori erosteko, 2.500 euro eskatu ditu Azkoitia Baik. Ingurumen Mahaia eratzeko eskaria ere egin du Etxanizek. "Ez dugu zalantzan jartzen horrelako talde eraginkor batek egoera bultzatuko lukeela, eta beraz, 1.500 euro jartzea nahi dugu mahaiaren sorrera bultzatzeko".

Iaz, ibaia garbitzeko udalak jarritako dirua oraindik erakundeak ez duela erabili argitu du Etxanizek. Hori horrela, datorren urteko aurrekontuetan 50.000 euroko diru partida jartzea proposatu dio Udal Gobernuari. Bestalde, energia garbien azterketa egitea ere eskatu du Azkoitia Baik, eta bide horretan, Aizpurutxora bideko indarretxeak izan ditu hizpide: "Obrak gauzatzeko, gastu garrantzitsuak egin beharko dituzte zentral hidroelektriko horien jabeek, eta beharbada orain da akordio batera iristeko abagunea. Azterketa hori egiteko 1.500 euro proposatzen ditugu".

Kultur arloari erreparatuta, areto baten beharra dagoela azpimarratu udal taldeak. Haren arabera, Herrilab +700 parte hartze prozesuan "argi eta garbi" geratu zen behar hori zegoela. "Gure taldearentzat egungo tokirik aproposena Elkarguneko Herriko plaza aretoa da. Hori horrela, egokiena herriko arkitektoen eta dekoratzaileen artean proiektu bat egitea da". Etxaniz buru den udal taldeak lanketa horretara 50.000 euro bideratzea eskatu du.

San Jose egoitza ere hizpide izan du Azkoitia Baiko zinegotziak. "Azken urtean egoitzak protagonismo handia hartu du herrian. Hango arazoak zuzentzeko, udaletik bitartekari lanak egingo dituen eta gaia profesionaltasunez bideratuko duen norbait kontratatzeko 15.000 euro jartzea proposatzen dugu". Halaber, aurten egin behar zuten Azkoitian herriko jubilatuen egoera ezagutzeko azterketa "sakona", baina adierazi du oraindik ez dutela egin. 

Bien bitartean, berdintasunari "bere garrantzia" eman behar zaiola dio Etxanizek. "Udalak emakumea ahalduntzeko ekimenak sustatzen ditu, baina egokia litzateke hizkuntza ez-sexistaren erabilera zabaltzeko lanketa eskoletara eramatea. Ekimen hori gauzatuko duen norbait kontratazeko, 3.000 euroko partida jartzea proposatzen dugu". Etorkinei egun bat eskaintzea ere proposatu du Azkoitia Baik, eta horretarako 4.500 euroko partida jartzea aurreikusi du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide