Danbor hotsek girotu dute goiza Xabier Munibe Ikastolan

Xabier Munibe Ikastolako haurrek danborrada egin dute gaur, astelehena, eskolan. Hainbat abesti eskaini dituzte atarian duten karparen azpian.

Xabier Munibe Ikastolako neska-mutilek gogor astindu dituzte danborrak gaur, astelehena. Azken urteetan egin ohi duten moduan, ikasleek San Andres bezpera baliatu dute eskolan danborrak astintzeko. Ekitaldi itxia izan da; izan ere, ikastolako kideek bakarrik jarraitu dute saioa.

Atarian duten karparen azpian elkartu dira ikasleak, 12:00etan. Lehenengo Diana, ondoren Iriarena, eta bukatzeko, Kandido Beristain musikari azkoitiarraren Gazteak eta Umore Ona abestiak jo dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide