Ahotsaken proiektuan parte hartu duten 27 herritarrek udalaren omenaldia jasoko dute ostegunean

Julene Frantzesena 2021ko aza. 29a, 14:07
Ahotsakeko eta udaleko ordezkariak aditzen gida eskuetan dutela. (Azkoitiko Udala)

2019tik beren ahozko ondarea Ahotsaken esku utzi duten herritarrek jasoko dute aitortza, Euskararen Egunaren harira, 18:30ean hasita, udaletxean. Aurten, Hike eizan! egitasmoa tarteko, hitanoari buruzko hainbat elkarrizketa gauzatu ditu Ahotsakek Azkoitian. Datozen egunetan hitanoan asko erabiltzen diren aditzen gida banatuko du udalak etxez etxe.

Azkoitiko Udaleko Euskara Sailak antolatuta, Ahotsak proiektuaren aurkezpen eta omenaldi ekitaldia izango da ostegunean, abenduaren 2an, udaletxean, 18:30ean hasita. Proiektuaren nondik norakoak azaltzeaz gain, omenaldia jasoko dute beren ahozko ondarea utziz eta pasadizoak kontatuz Ahotsaken parte hartu duten herritarrek.

Ahotsakek Euskal Herriko hainbat eta hainbat hizkera jasotzen ari da urtez urte, eta Azkoitiko 80 lagunen grabazioak ditu eginda. Aurten, gainera, Hike eizan! egitasmoa tarteko, hitanoari buruzko hainbat elkarrizketa gauzatu ditu Ahotsakek Azkoitian. Horrenbestez, elkarrizketak eskaini dituzten herritar bakoitzari bere grabaketa emango diote ostegunean.

Ahotsak proiektuak 33 herritarren elkarrizketak jaso zituen 2008 eta 2013 urteen artean, eta orduan ere omenaldi ekitaldia egin zuen udalak, parte-hartzaileei eskerrak emateko asmoz. Urte batzuetako etenaren ostean, 2019an, Badihardugu euskara elkarteak eta Azkoitiko Udalak hitzarmena sinatu zuten, "proiektuari segida" emateko, eta orduz geroztik elkarrizketatu dituzten 27 lagunek jasoko dute omenaldia osteguneko ekitaldian.

Mari Jose Arregi Euskara zinegotziak azaldu duenez, ahozko ondarea "babestu" nahi dute Ahotsak proiektuarekin, halakorik ezean "galtzeko arriskua" egon daitekeelako. "Horregatik, elkarrizketei jarraipena ematea da gure asmoa, ondorengoek jakin dezaten nola hitz egiten zuten gure aurrekoek. Hitzak eta esamoldeak, erabili ezean, ahaztu eta galdu egiten dira. Ezin dugu altxor hori alferrik galdu. Ahozko ondarea gorde, babestu eta transmititu egin behar dugu".

Aditzen gida etxeetara

Azkoitiko hitanoa indartzeko martxan duten egitasmoaren barruan, talde eragile bat eratu zuen udalak duela hilabete batzuk, eta hango kide Xabier Eizagirrek hitanoan gehien erabiltzen diren aditzen gida osatu du. Hain zuzen ere, 37 aditz laguntzaile eta 30 aditz trinko jaso ditu zerrendan, herritarrek noka eta toka "zuzen" erabil ditzaten. Gida hori herri etxe guztietara banatuko du erakundeak.

Euskararen Egunarne harira, Ahotsak proiektuan parte hartu duten herritarren elkarrizketak sare sozialetan argitaratuko ditu Azkoitiko Udalak. Halaber, Hike eizan! egitasmoko kideek euskal musikaren errepasoa egin dute, eta hitanoa agertzen den kantan sailkatu dituzte. Horiek ere sare sozialetan zabalduko dituzte datozen egunetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide