Deustoren aurkako partida, "porrot gogorra gorrixentzat"

Maialen Etxaniz 2021ko aza. 27a, 20:41
Deustuko Etxezuri futbol zelaian jokatu dute neurketa gaur arratsaldean. (Anaitasuna F.T)

Anaitasunako mutilek 3-0 galdu dute Deustoren kontrako partida. Gaur arratsaldean jokatu dute neurketa Deustuko Etxezuri zelaian, eta etxekoak izan dira nagusi partida guztian zehar. Eguraldiak eta beste hainbat arazok partida zaildu duten arren, gorrixek ez dute beren alderik onena erakutsi. 

 "Porrot gogorra gorrixentzat". Horrela azaldu eta definitu du Anaitasuna futbol klubak gaur arratsaldean Deustoren kontra jokatutako partidaren emaitza. 18:00etan hasi da neurketa Deustuko (Bizkaia) Etxezuri zelaian, eta eguraldiak ez du askorik lagundu partida guztian zehar. 

Markagailua 1-0 zela iritsi dira atsedenaldira. Deusto izan da nagusi lehen zatian, Anaitasunako mutilek ezin izan baitute baloia bereganatu, eta eduki duten aukera bakarrean ez dute asmatu. Bigarren zatia ere bide beretik joan da nahiz eta gorrixek aukera gehiago izan dituzten. Aurkariek, ordea, joko ona egin eta beste bi gol sartzeko gai izan dira. Hirugarren gola 75. minutuan iritsi da. Deustoko jokalariak zelai erdia pasata jaurti du balioa, eta Anaitasunako atezain Remen ez da garaiz iritsi baloia gelditzera. Azkoitiko taldeak izan du beste aukeraren bat edo beste, baina ezin izan dute punturik eskuratu. Une batez partida gelditu behar izan dute, argia joan baita Etxezuri zelaian.

Bost minuturen faltan ekin diote berriro neurketari, eta partida amaitzerako ez da aldaketarik egon markagailuan. Horrenbestez, 3-0 galdu dute partida Xabi Artetxeren mutilek. "Etxetik kanpo jokatutako azken bi neurketetan ez dute heuren maila eman, baina egoera onean jarraitzen dute eta lanean jarraitzea tokatzen da!", adierazi du klubak. 

(Anaitasuna F.T)

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide