Banatu dute Beningo haurren aldeko zozketaren saria

Maialen Etxaniz 2021ko aza. 27a, 16:46

Mila Olalde izan da zozketaren irabazlea, eta gaur bertan jaso du saria. Gazteak eta Garapena taldeak 3.700 euro bideratuko ditu salestarrek Cotonoun kaleko umeen alde duten Mama Margarita aterpera. 

Gazteak eta Garapena taldeak eta salestarrek Beningo Cotonou hirian duten proiektura dirua bideratzeko hainbat ekintza egin dituzte herrian, eta horien artean, hiri horretako kaleetan bizi diren umeei laguntzeko zozketa egin dute. Hilaren 18an jakinarazi zuten zein zen zozketako zenbaki sariduna, eta gaur, zapatua, banatu dute saria Sabinoren harategian. Hain zuzen, Mila Olalde izan da irabazlea. 

Olaldek hainbat sari jaso ditu  hala nola Igor Zubeldia Realeko futbol jokalari azkoitiarrak eta Imanol Aleson mendi lasterkari azkoitiarrak sinatutako kamiseta bana, Miguel Angel Zubizarreta Bolante eta Maite Agirre Krispin margolari azkoitiarrek egindako koadro bana, Joseba jatetxean bi lagunentzako otordua, Elikagune taldeak emandako janari saskia eta Xoxote artzain gazta.

Zozketaren antolatzaileek azaldu dutenez, aurten ez dira txartel guztiak saldu. "Bildu diren 3.700 euroak aurki bidaliko ditugu Beninera, han salestarrek Cotonoun kaleko umeen alde duten Mama Margarita aterpera. Mila esker laguntzaile eta partaide guztioi eta txartelak saldu edo erosi dituzuen guztioi", adierazi dute antolatzaileek. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide