Euskal presoen eskubideen defentsa plazara eraman dute beste ostiral batez

Julene Frantzesena 2021ko aza. 27a, 09:41
Atzoko elkarretaratzeko irudia. (Azkoitiko Sare)

Hainbat lagunek Sarek deituta egin zuten elkarretaratzea atzo, eta besteak beste, sakabanaketaren biktimak eta gaixorik dauden presoak izan zituzten gogoan.

Hainbat herritar elkartu ziren atzo plazan, euskal presoen eskubideen alde hileroko azken ostiraletan egiten den zitari erantzunez. Sarek deituta egin zuten elkarretaratzea, eta besteak beste, sakabanaketaren biktimak eta gaixorik dauden presoak izan zituzten gogoan.

Azkoitiko Sareren arabera, 16 dira sakabanaketa politikak eragindako hildakoak eta horiek ere "aitortza" behar dute. "Haietako bat Sara Fernandez da, duela 18 urte hil zen errepidean, eta datorren astelehenean Iruñeko Baratxuri plazan ekitaldi bat egingo da haren oroimenez. Abenduaren 6an ere gogoratuko dugu Karmele Solaguren Barañainen, sakabanaketak eragindako beste biktima bat. Bi kasuetan, beste urte batez, salbuespeneko espetxe politikaren amaiera eskatuko dugu". Sakabanaketak euskal presoen eskubideak urratzen jarraitzea ahalbidetzen duela esan du Sarek.

Gainera, Gregorio Vicariori eta haren gertukoei babesa eskaini die: "Joan den astean lau bypass jarri zizkioten bihotzeko gaitz larria arintzeko, eta Burgosko espetxera itzuli dute". Sareren arabera, "argi" dago kartzelak presoen osasuna "okertu" egiten duela. "Aste honetan bertan gogoratu dugu 1988tik sei euskal preso politiko hil direla bihotzeko gaixotasunen ondorioz. Beraz, gizatasunaren eta haien eskubideen defentsaren irizpideetan oinarrituta, gaixotasun larriak dituzten hemeretzi presoei hirugarren gradua eta erdi-askatasuneko erregimena aplikatzeko eskatzen dugu".

Bestalde, Sarek datozen datetan egingo dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die herritarrei; tartean, urtarrilaren 8an Bilbon egingo den manifestazioan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide