EH Bilduk IPGParen inguruan aurkeztutako mozioak, onarpenik ez

Maialen Etxaniz 2021ko aza. 26a, 12:27
EAJk argindarraren inguruko mozio propioa aurkeztu zuen. (Maialen Etxaniz)

Herenegun egin zuten azaroko ohiko udalbatzarra. Besteak beste, energia horniduraren prezioen gorakadaren aurrean hartu beharreko neurriak eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako Interes Publiko Goreneko Proiektuen Erregulazio berria izan zituzten hizpide osoko bilkuran. Azken auzi hori herrira ekarri nahi izan zuen EH Bilduk, eta Azkarateko plantaren gaia mahaigaineratu zuen. EH Bilduk "kezkaz" begiratzen dio gaiari, eta uste du "IPGP figura lurralde eta hirigintza plangintzaren inguruan ezarritako adostasunaren aurkako eraso bat" dela. EAJk mozioa atzera bota zuen, eta jeltzaleen iritzia zein den argi utzi. 

Azkoitiko Udalak asteazkenean, hilak 24, egin zuen azaroko ohiko udalbatzarra udaletxeko pleno aretoan. Osoko bilkuraren gai ordenak 11 puntu zituen, eta horietatik gehienak mozioak, kontramozioak eta adierazpen instituzionalak izan ziren. Besteak beste, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, 2021eko Euskararen Nazioarteko Eguna eta Migraziorako Euskal Itun Soziala izan zituzten hizpide. Horrez gain, energia horniduraren prezioen gorakadaren aurrean hartu beharreko neurriak eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako Interes Publiko Goreneko Proiektuen Erregulazio berria izan zituzten eztabaidagai. Azken auzia herrira ekarri zuen EH Bilduko udal taldeak, eta Azkarateko hondakin plantaren gaia mahaigaineratu zuen, lege aldaketak halako kasuetan eragina izan dezakeela iritzita. EAJk oposizioaren mozioa atzera bota, eta erantzun labur eta zehatza eman zion koalizioari. 

IPGParen inguruan ez ezik, iritzi desberdina dute EH Bilduk eta EAJk  argindarraren gaiari dagokionean, eta horrela baieztatu zuten asteazkeneko udalbatzarrean ere. Bi alderdiek, bakoitzak bere aldetik, energia horniduraren prezioen gorakadaren aurrean hartu beharreko neurrien inguruko mozio bana aurkeztu zuten. 

Proiektuen eskumena, nork eta noiz? 

Joan zen astean EH Bilduko Mikel Otero eta Unai Fernandez de Betoño legebiltzakideek egindako agerraldi batek jarri zuen mahaigainean Eusko Jaurlaritzak Ingurumen Administrazioaren Lege Proiektuaren bueltan proposatu duen lege aldaketaren auzia. Horren inguruko mozioa aurkeztu zuen Azkoitiko EH Bilduk azaroko udalbatzarrean. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiak herrian nola eragingo lukeen adierazi eta Udal Gobernuari gaiaz duen iritzia galdetu zioten EH Bilduko zinegotziek. Finean, Azkoitiko EH Bilduk "kezkaz" begiratzen dio gaiari, eta uste du "IPGP figura lurralde eta hirigintza plangintzaren inguruan ezarritako adostasunaren aurkako eraso bat" dela. "Toki-eremuko autonomia eta demokrazia nabarmen urratzen da, udalari ez baitzaio aukerarik ematen bere lurraldearen barruan desegokitzat jotzen dituen erabilerak mugatzeko".  

EH Bilduk aurkeztutako mozioaren arabera, "gaur egun, Ingurumen Administrazioaren Lege Proiektua izapidetzen ari da Eusko Jaurlaritzan, eta zuzenketak aurkeztu ondoren, Legebiltzarreko prozesuaren fase aurreratuan dago, epe laburrean onartu dadin. Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako lege-proiektuari aurkeztutako zuzenketariko baten xedea Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legea aldatu eta figura berri bat arautzea da. Hau da, PIPS edo Interes Publiko Goreneko Proiektuen (IPGP) figura sortzea".  EH Bilduk uste du, aldaketa horren bidez Eusko Jaurlaritzari "ahalmena" ematen zaiola "ustezko ingurumen-hobekuntza izan dezakeen edozein azpiegitura Interes Publiko Goreneko Proiektu izendatzeko, baldin eta sustatzen publikoa badago". Esaterako, "energia berriztagarriak sortzeko proiektuak, zabortegiak, araztegiak, erauzketa-proiektuak...". "Gainera ez zaie aterik ixten beste proiektu mota batzuei, hala nola ekipamendu handiei edo bestelakoei, baldin eta ingurumenaren aldetik nolabaiteko justifikazioa badute", zehaztu du koalizioak. 

Hori dela eta, honako hiru puntuz osatutako mozioa aurkeztu zuen EH Bilduren udal taldeak udalbatzarrean, "eztabaidatzeko eta onartzeko":   

"1- Azkoitiko Udalaren Osoko Bilkurak adierazten du Lurralde Antolamenduari buruzko Legeak Interes Publiko Goreneko Proiektuen figura jasotzearen aurka dagoela, baita gure udalen toki-autonomiarentzat kaltegarria den eta gure toki-demokrazia urratzen duen beste edozein tresnaren aurka dagoela. 

2- Azkoitiko Udaleko Osoko Bilkurak EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteari eskatzen dio, udalen udal-interesa defendatzeko, jendaurrean adieraz dezala aurka dagoela eta dagozkion kudeaketa guztiak egin ditzala Lurralde Antolamenduari buruzko Legea aurreko puntuan deskribatutako moduan alda ez dadin. 

3- Azkoitiko Udalaren Osoko Bilkurak mozio honen edukia Eusko Legebiltzarrera eta EUDELera bideratzea erabaki du". 

Mozioaren kontrako botoa eman zuten EAJk, PSE-EEk eta Azkoitia Baik. Jeltzaleen erabakiaren arrazoiak plazaratu zituen EAJk. Udal Gobernuaren arabera, "zenbait gaik udalerri ikuspegitik herri ikuspegirako jauzia ematea eskatzen du, perspektiba zabalduz. Udalerri bakoitzak bere zilborarri begiratuz gero, herri gisa atzera gelditzeko arriskua egon daiteke. Bestalde, zenbait gaik eskuzabaltasuna eskatzen dute nahitaez, herri baten garapena bermatu nahi bada. Euskadi osoaz ari gara. Tokian tokiko diferentziek ezin dute helburu amankomun bat mehatxatu, eta horixe da lege proiektu honekin lortu nahi duguna". 

Horren aurrean galdera zehatza egin zuten EH Bilduko udal zinegotziek: "Orduan, Azkarateko plantaren gaian herri ikuspegiari garrantzia ematen bazenioten, zergatik diozue orain hori zilborrari begiratzea dela?". EAJren erantzuna ere zehatza izan zen, eta koalizioari leporatu zion lehengo gaiak berriro mahaigaineratzea. "Horiek lehengo kontuak dira. Gu oraingoa den gai zehatz baten inguruan ari gara hizketan. Gure iritzia garbia da, eta ez gara sartuko beste gai batean". 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide