Hautatu dituzte igandeko pilota partidetarako pilotak

Andoni Elduaien 2021ko aza. 26a, 13:50
Rezusta, Irribarria eta Elezkano II.a, Gurea pilotalekuan. (Aspe)

Irribarriak eta Rezustak pilota arinagoak hautatu zituzten atzo Elezkano II.aren eta Zabaletaren aldean. Igandean, 17:00etan hasiko da jaialdia Gurea pilotalekuan, eta sarrerak oraindik ere eskuragarri daude Interneten. Igandean, berriz, 16:00etan irekiko dute frontoiko leihatila.

Etzi, igandea, profesionalen pilota partidak izango dira Azkoitiko Gurea pilotalekuan, 17:00etan hasita. Atzo, osteguna, egun horretarako piloten aukeraketa egin zuten pilotariek. Lehen mailako txapelketako partidan Irribarria eta Rezusta arituko dira alde batetik, eta Elezkano II.a eta Zabaleta bestetik. Irribarria, Rezusta eta Elezkano II.a Azkoitian izan ziren atzo, baina ez Zabaleta, hark ezin izan baitzuen Azkoitira etorri arazo pertsonalak tarteko.

Pilotak aukeratu ondoren, Danel Elezkanok eta Beñat Rezustak adierazpenak egin zituzten hedabideen aurrean. Elezkanok azaldu zuen "ondo" duela aurpegiko zauria. "Entrenatzerakoan puntuek tira egiten didate oraindik ere, eta kontuz ibili behar dut, baina iganderako ez dut arazorik izango". Txapelketa ondo hastea "garrantzitsua" dela nabarmendu zuen Zaratamoko (Bizkaia) aurrelariak. "Ondo hasteak lagundu egiten du, baina binakakoa oso txapelketa ona da, eta bikote guztiok izango ditugu momentu onak zein txarrak. Garaipen bat erdietsi dugu, eta garrantzitsua da batzen hastea. Halere, zuhurrak izan behar dugu, eta partidaz partida joan". Igandean partida gogorra izango dutela aurreratu zuen. "Rezusta bezalako atzelari batek jokoan sartzeko aukerak kentzen ditu, eta horregatik, Zabaletari lagundu beharko diot".

Beñat Rezusta ere pozik agertu zen joan den atsean lehen garaipena batu zutelako. "Gustura gaude txapelketa garaipenarekin hasi dugulako, baita orduan izan genituen sentsazioengatik ere. Badakit Azkoitian guztia eman beharko dudala Zabaletari aurre egiteko. Lan egitea egokituko da, eta opari gutxien egiten dituenak aukera asko izango du irabazteko".

Lehen mailako binakako txapelketako partidaz gain, igandean promozio mailako partidak ere jokatuko dituzte Gurea pilotalekuan. Victorrek eta Gaskuek osatuko dute bikote bat, eta Elordik eta Untoriak bestea. Sarrerak Entradas Fronton webgunean eskuratu daitezke. Igandean. berriz, 16:00etatik aurrera erosi ahal izango dira pilotalekuko leihatilan.

Pilotei buruz

Elezkano II–Zabaleta: 105,1 gramo; 106,2 gramo; 104,8 gramo.

Irribarria–Rezusta: 104,9 gramo; 104,5 gramo; 105,7 gramo.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide