Azaroaren 25a

Adierazpen instituzionalak eta mozioak izango dituzte hizpide gaurko udalbatzarrean

Andoni Elduaien 2021ko aza. 24a, 08:40
Azkoitiko udaletxea.

Gaur, asteazkena, 19:00etan egingo du Azkoitiko Udalak azaroko ohiko udalbatzarra. 11 puntu izango dituzte aztergai eta eztabaidagari EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko eta Azkoitia Bai herri plataformako zinegotziek.

Azkoitiko Udalak azaroko ohiko udalbatzarra egingo du gaur, asteazkena, 19:00etan. Udaletxeko bilkura areto nagusian elkartuko dira eguneko 11 puntuak aztertzeko eta eztabaidatzeko. Nagusiki, mozioak eta adierazpen instituzionalak izango ditu hizketagai udaletxean ordezkaritza duten lau udal taldeek arratsaldeko saioan.

Kreditu transferentzia bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udaleko 3 zenbakidun espedientearen onespena bozkatuko dute lehenengo, eta ondoren, Azkoitiko EH Bildu udal taldearen zinegotzi liberatuaren aldaketa onartzera igaroko dira. Energia horniduraren prezioen gorakadaren aurrean hartu beharreko neurrien inguruan adierazpen instituzional bana aurkeztuko dute segidan EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk. EH Bilduk, aldiz, Jaurlaritzak ezarritako interes publiko goreneko proiektuen erregulazio berriari buruzko mozioa ere azalduko du.

Azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ere hizpide izango dute udal taldeek. Hain zuzen ere, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk adierazpen instituzional bana aurkeztuko dute, eta beste bana 2021eko Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan. Udalbatzarra amaitu aurretik, Migraziorako Euskal Itun Soziala ere aztertuko dute udal ordezkariek, EAJk eta EH Bilduk mozio bana aurkeztuko baitute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide