GI-631 errepideko lanak "erritmo onean" doazela jakinarazi du Foru Aldundiak

Anartz Izagirre 2021ko aza. 23a, 12:04
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua Aizpurutxon. (GFA)

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua Aizpurutxon izan da GI-631 errepideko lanak bisitatzen, eta horiek "aurreikusitako epeetan" gauzatzen ari direla azaldu du. Urtarrila bitartean errepidean beste hamar leherketa egitea aurreikusten dute.

Azkoitia eta Urretxu udalerriak lotzen dituen GI-631 errepideko lanak "erritmo onean" doazela jakinarazi du Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuak. Gaur, asteartea, Aizpurutxon izan da lanak bisitatzen, eta horiek "aurreikusitako epeetan" gauzatzen ari direla azaldu du: "Errepidea zabaltzeko eta eusteko lanak aurrera doaz, aurreikusitako epeetan. Agian, ez erabiltzaileek nahi luketen bezain azkar, baina obra konplexua da. Trafikoa zabalik dagoen bitartean egin behar da lan, eta dagoen leku estuak, mendia eta ibaiaren artean, nahi baino gehiago zailtzen du obra".

Oiarbidek nabarmendu duenez, errepidea zabaltzeko lehergailuak erabili behar dira "ezinbestean", harkaitza "oso gogorra" delako: "Orain arteko leherketek eragindako mozketak txikiak izan dira, hogei minutu ingurukoak, baina joan zen ostegunekoak eragindakoak, adibidez, ia hogei ordu iraun zuen. Errepidetik oso gertu dagoenez, nahiko kokapen konprometituan, material asko erori zen errepidera eta dena garbitzerako orduak joan ziren, gau eta egun lan eginez. Hemendik aurrera leherketa gehienak laburrak izango dira, baina besteren bat konprometitua egongo da eta errepidea denbora luzeagoz itxi beharko dugu".

Datozen asteetan ere, urtarrila bitartean, beste hamar leherketa egitea aurreikusten dute, eta Oiarbidek "pazientzia" eskatu die egunero errepide hori erabiltzen duten auto gidariei. Aldi berean, denbora errealean errepidearen egoera kontsultatu ahal izateko @631_Aizpurutxo Twitter kontua eta Whatsapp talde bat daudela gogorarazi du diputatuak. Whatsapp talde horretan errepidea ixten edo irekitzen denean mezuak igortzen dira, eta interesa duten pertsona guztiek sartu ahal izango dute aplikazio horretara, 672 69 05 64 telefono zenbakian eskatuz gero.

Ekainaren 8an hasi ziren GI-631 errepidea hobetzeko obrak, Azkoitia eta Urretxu artean. Lanek 7.759.602 euroko aurrekontua dute, eta aurreikuspenen arabera, hamabost hilabetetako iraupena izango dute. Lanen helburua da egungo errepidearen trazadura hobetzea eta errepidearen plataforma handitzea, bi erreitik hiru erreira, 1,3 kilometroko tarte batean, Aizpurutxo auzotik gertu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide