Sanandresak 2021

Behar bereziak dituzten haurrek barraketarako txartel bereziak eskura ditzakete udaletxean

Anartz Izagirre 2021ko aza. 22a, 11:05

Udalak txartelak banatuko ditu behar bereziak dituztenen artean, barraketan lehentasuna izan dezaten. Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan eskura daitezke txartelak, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 15:30era bitartean. Bestalde, Umeen Eguna abenduaren 1ean izango da.

Beste urte batez, Azkoitiko Udalak txartelak banatuko ditu behar bereziak dituen herritarrek barraketan lehentasuna izan dezaten eta ilarak saihestu ditzaten. Txartel horiek eskuragarri daude dagoeneko udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan, eta astelehenetik ostiralera, 07:30etik 15:30era bitartean jaso daitezke.

Bestalde, beste hainbat neurri ere hartuko ditu erakundeak barraketan; hain zuzen ere, ostiraletan, larunbatetan eta igandeetan musika kenduko dute 18:00etatik 19:00etara bitartean, haur batzuek ez dutelako zarata edo bolumen handia ondo jasaten.

Abenduaren 2ra bitartean egongo dira barrakak Azkoitian. Astelehenetik ostegunera bitartean, 21:00etan itxiko dira horiek, eta ostiraletan, larunbatetan zein igandeetan, 00:00etan. Umeen Eguna abenduaren 1ean, asteazkena, izango da, eta barraketako sarrera euro baten truke eskuratu ahal izango da egun horretan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide