Sanandresak 2021

Danbor hotsekin, festa giroan murgildu da herria

Ane Olaizola 2021ko aza. 21a, 09:13

Helduen danborradak kaleak girotu ditu bart, eta jende ugari elkartu da plazan eta inguruetan. COVID-19aren garaian, denbora osoan maskara jantzita izan zuten danborjoleek; irribarreak ezkutuan izanagatik, agerikoa izan da haien poza.

Aspaldi ikusi gabeko irudia hartu zuten bart herriko kaleek, COVID-19ak eragindako izurria hasi zenetik, aurrenekoz festak ospatu baitzituzten herrian. Sanandresen atarian, ohiko moduan, helduen danborrada egin zuten ehunka lagunek, eta beste horrenbeste elkartu ziren kalean haiek ikusteko.

Betiko moduan, 22:00ak iristearekin batera Gurea pilotalekutik abiatu ziren danborjoleak, eta Kale Nagusitik, plazan egin zuten aurreneko geldialdia. Udal Musika Bandaren laguntzarekin hainbat pieza jo ostean, ibilideari jarraitu eta Baldan izan zuten hurrengo geldialdia. Ondoren, Julio Urkixotik barrena, Plaza Berri zeharkatu eta gauerdirako plazan elkartu ziren berriz guztiak, herritarrei beste hainbat abesti eskaintzeko. Danborjoleek COVID-19aren garaira egokituta astindu zituzten atabalak atzokoan, eta maskarak une oro jantzita, haientzako prestatutako protokolo zehatza jarraitu behar izan zuten guztiek. Irribarreak ezkutuan izanagatik, begietan antzeman zitekeen haien poza, eta primerako giroa nagusitu zen.

Erlazionatuak

Helduen danborrada, bideoan

Ane Olaizola 2021 aza 21 Azkoitia

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide