Sanandresak 2021

Hugo Rodriguezek eta Maite Maiorak irabazi dute XVI. Herri Lasterketa

Anartz Izagirre 2021ko aza. 20a, 18:41

Jendetza bildu da gaur, zapatua, Azkoitiko kaleetan zehar, XVI. Herri Lasterketa izan baita arratsaldean. Guztira, 337 korrikalarik parte hartu dute proban, eta sailkapen orokorreko lehen postuetan Hugo Rodriguez eta Maite Maiora kokatu dira.

Eguraldia lagun, giro bikaina izan da gaur, zapatua, Azkoitiko kaleetan zehar. Izan ere, Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton Kirol Elkarteak antolatzen duen Azkoitiko XVI. Herri Lasterketa izan da, eta jendetzak parte hartu du aurtengo edizioan: 337 korrikalarik. 16:30ean atera dira partaideak plazatik, eta 17:00ak inguruan heldu dira lehen korrikalariak leku berera, han baitzegoen helmuga ere. Guztira, hamar kilometroko ibilbidea egin dute parte-hartzaileek.

Sailkapen orokorrari dagokionez, Hugo Rodriguez mallorcarra izan da gizonetan lehen postua erdietsi duen korrikalaria, eta 00:30:40 izan da egin duen denbora. Gertu izan du David Rua bigarren sailkatua, eta haren denbora 00:30:54 izan da. Hirugarren, berriz, Unai Ibarra sailkatu da, 00:31:23 denbora eginda. Emakumeetan, berriz, Maite Maiora mendaroarra izan da nagusi, eta 36 minutu eta zortzi segundo behar izan ditu proba amaitzeko; bigarren, berriz, Idoia Nogales izan da, eta 40 minutu eta hamahiru segundotan amaitu du proba; eta, azkenik, hirugarren Ainhoa Agirrebeña azkoitiarrak egin du, eta 40 minutu eta 54 segundo behar izan ditu lasterketa amaitzeko.

Korrikalari guztiak helmugara heltzean egin dute sari banaketa plazan, eta sailkapen orokorreko sariak ez ezik, beste hainbat garaikur ere banatu dituzte: juniorretan lehen postuan egin duten Maier Ezeizari eta Haritz Iturzaetari, beteranoetan lehenengo sailkatu diren Virginia Santamarta eta Imanol Larrañagari eta Rakako lehen sailkatuei, Mari Carmen Seijasi eta Ander Puertasi. Dagoeneko publikatu dute sailkapen osoa herrikrosa.eus webgunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide