'Paxira' izenarekin, bueltan dira ibilbide osasungarriak

Andoni Elduaien 2021ko aza. 18a, 10:42
Iazko ibilaldiko irudi bat.

Aurrerantzean 'Paxira' izena hartuko dute adinekoentzat antolatutako ibilbide osasungarriek. Datorren ostegunean, hilak 25, egingo dute lehen ibilaldia, eta parte hartu nahi dutenek nahikoa izango dute egun horretan 10:00etarako liburutegi parera gerturatzea. Aurten ez da aurrez izenik eman beharko.

Udalak uda aurretik eta esperientzia pilotu gisa jarri zuen martxan Ttipi Ttapa proiektua. Egitasmoaren helburua da pertsonak, bereziki adinekoak direnak, jarduera fisikoa praktikatzera animatzea, eta bide batez, sozializatzen laguntzea une atsegin bat partekatuz. Finean, begiraleek lagunduta, taldean paseatzera ateratzea da proposamena. "Izandako harrera" ikusita, udalak, Kirol Orientazio Zerbitzuaren bidez, proiektua berrartu du Izarraitz Lanbide Heziketarekin, Plaza Ondo jubilatuen elkartearekin, Azkoitia Lagunkoiarekin, Caritasekin eta Gurutze Gorriarekin lankidetzan.

Sasoi berriko lehen irteera azaroaren 25ean egingo dute, eta parte hartzaileek zailtasun nahiz iraupen ezberdineko bi ibilbideren artean egin ahalko dute aukera. Izarraitz Lanbide Heziketako ikasleak eta irakasleak izango dira begiraleak, eta ibilbide osoan zehar izango dute horien laguntza. Proiektuan parte hartzen duten taldeak txandaka arduratuko dira antolaketaz. Hilaren 25ean, 10:00etan egingo dute paseoa, Aizkibel liburutegi paretik abiatuta. Aurten, ez da beharrezkoa izango aurrez izena ematea; nahikoa izango da zehaztutako egunean eta orduan paseoaren abiapuntura gerturatzea.

Izen eta logo berria

Egitasmoari jarraipena emateko izena eta irudia sortu dituzte. 'Paxira' izenarekin ezagutuko da aurrerantzean proiektua. Logoa Izarraitz Lanbide Heziketako Mendekotasun egoeran dauden Pertsonen Arreta zikloko ikasleek diseinatu dute logoa. Zuria, gorria eta beltza erabili dituzte irudia garatzeko, eta txapela eta alpargata baten irudiak iradokitzen ditu logoak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide