Miguel Reimundez Azkoitiko PSE-EEko zinegotzi ohia hil da

Andoni Elduaien 2021ko aza. 18a, 09:53
Reimundez 2003tik 2016ra bitartean izan zen zinegotzia.

2003tik 2016. urtera arte izan zen Reimundez Azkoitiko PSE-EEko zinegotzia. 2007an, esaterako, gobernu taldean sartu zen, eta Immigrazioa eta Gizarte Laguntzak saileko arduraduna izan zen.

Miguel Reimundez (Coruña, Galizia) Azkoitiko PSE-EEren zinegotzi ohia hil da bart, Zumarragan (Gipuzkoa), gaixotasun luze baten ondorioz. 65 urte zituen Reimundezek. Hamahiru urte egin zituen hark Azkoitiko Udalean PSE-EEko zinegotzi karguan, hain zuzen ere 2003. urtetik 2016. urtera bitartean. Hiru legealdi oso bete zituen, eta laugarrenean urte eta erdi egon zen.

2007an, gobernu taldean sartu zen Reimundez, EAJrekin lortutako gobernu akordioari esker. Lau urte horietan Immigrazioa eta Gizarte Laguntzak saileko zinegotzia izan zen. Gipuzkoako metaleko idazkaria ere izan zen, baita Azkoitiko altzairutegietako eta forjetako Langile Komisioen ordezkaria ere.

2016ko irailaren 28an utzi zuen kargua Reimundezek, eta Janire Igoak hartu zuen haren lekua. Hain zuzen ere, Azkoitiko PSE-EEren egungo zinegotziak gogoan izan du Reimundez. "Ez dago tristura adierazteko hitzik une honetan. Azkoitiko PSE-EEn beti gogoratuko zaitugu", azaldu du Igoak sare sozialetan. Azkoitiko Udalak ere "doluminik zintzoenak" bidali dizkie senitartekoei eta Azkoitiko alderdi sozialistari, baita Azkoitiko EH Bilduk ere. Reimundez senitartean agurtuko dute.

Reimundez, ezkerrean, eta Igoa, eskuinean. (J. Sudupe)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide