Sanandresak 2021

Bertan behera utzi dute San Andres Saria igeriketa txapelketa

Anartz Izagirre 2021ko aza. 17a, 17:54
2019ko San Andres Saria txapelketako irudi bat.

Zubiaurre Igeriketa Klubeko kideek adierazi dutenez, pandemiaren bilakaera dela eta erabaki dute txapelketa bertan behera uztea. Momentuz, ez dute data berririk iragarri.

Datorren larunbatean, azaroak 27, igeriketako San Andres Saria txapelketa egitekoak ziren Elkargunean, baina Zubiaurre Igeriketa Klubak proba bertan behera uztea erabaki du. Klubak adierazi duenez, COVID-19ak eragindako pandemiaren bilakaerak bultzatu ditu erabaki hori hartzera: "Oraingoz, Azkoitia eremu gorrian ez badago ere, intzidentzia maila goraka doa, eta osasun neurri guztiak bermatuko dituen lehiaketa antolatzea zaila ikusten du zuzendaritza taldeak. Besteak beste, 12 urtetik beherako haurrak dira sariketa horretan parte hartzen dutenak, eta txertatu gabeko kolektiboa izanda, gaur egun, kutsatzeak adin tarte horretan ari dira gora egiten".

Zubiaurreko arduradunek azpimarratu dute "zuhurtziaz" jokatzeko unea dela orain, eta "egoerak ahalbideratzen duenean" San Andres Saria antolatzeko ahalegina egingo dutela; hala eta guztiz, momentuz ez dute data berririk aurreratu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide