Sanandresak 2021

Barrakak jartzen ari dira Trenbidearen Zumardian

Andoni Elduaien 2021ko aza. 17a, 12:58

Gaur iritsi dira lehen barrakak herrira, eta horiek muntatzeko lanetan ari dira orain. Arduradunek azaldu dutenaren arabera, ostiralen jarriko dituzte martxan barrakak, eta abenduaren 1era arte egongo dira Azkoitian.

Sanandres jaiak gero eta gertuago daude. Hori horrela izanda, barrakak Azkoitira itzuli dira gaur, asteazkena. Barraken jabeak goizean goizetik ari dira guztia behar bezala antolatzeko eta barrakak muntatzeko lanetan. Arduradunek azaldu dutenaren arabera, datorren ostiralean, azaroak 19, jarriko dituzte martxan barrakak, eta abenduaren 1era arte egongo dira herrian.

Aurten ere egingo dute umeen barraka eguna. Barraketako kideek jakinarazi dutenez, abenduaren 1ean, asteazkena, bidaia erdi prezioan eskuratu ahalko dute erabiltzaileek. Barraka jabeek Juin kalean hartuko dute atseden, eta bertan aparkatzeko aukera baimenduak izango dute soilik. Trenbidearen Zumardia kaleko 1 eta 9 zenbakien arteko errepidea, aldiz, itxita egongo da, eta beraz, ezingo da han aparkatu barrakak joaten diren arte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide