Herrilab+700 prozesuaren diagnostiko fasea ixteko bilera deitu du udalak larunbaterako

Bilera bateko irudia. (Azkoitiko Udala)

Parte hartze prozesuaren diagnostiko fasea ixteko bilera deitu du udalak larunbaterako. Elkargunean izango da saioa, 10:00etan hasita. Orain arteko bileretan gehien nabarmendu diren ideiak argituko dituzte bileran, gero horien araberako ekintza plana antolatzeko.

Datorren larunbatean, azaroak 20, Herrilab+700 parte hartze prozesuaren diagnostiko fasea ixteko bilera egingo dute Elkargunean, eta Azkoitiko Udalak bileran parte hartzeko dei egin die azkoitiarrei. Besteak beste, herritarrak, herriko elkarteak eta eragileak gonbidatu ditu bilerara. Nahiz eta hasiera batean zapatuko saioa 10:30erako zegoen aurreikusita, azkenean, 10:00etan egingo dute.

Udalak uda aurretik jarri zuen martxan Herrilab+700 parte hartze prozesua herritarrekin, elkarteekin eta eragileekin. Herriaren egungo eta etorkizunaren inguruko hausnarketa partekatua egiteko ekimena da Herrilab+700. Ordutik, hamasei lan saio egin dituzte arloka, udal ordezkariekin nahiz udal langileekin hasi, eta eremu ezberdinetako taldeekin, eragileekin eta gizabanakoekin jarraituz.

Prozesuak eman duena oinarri hartuta eta jasotako ekarpenak lehenetsiz, orain arte egindako bileretan gehien partekatutako idei nagusiak zeintzuk izan diren argituko dute zapatuko saioan. Udalaren asmoa da hurrengo fasean ekintza plan bat egitea, eta horretarako, "ezinbesteko tresna" izango da prozesutik ateratzen den emaitza. 757 galdetegi jaso ditu udalak gaur-gaurkoz, eta horiei elkarteenak gehitu behar zaizkie, beste hamabost.

Eremu bakoitzeko partaideekin bi lan saio egin ditu udalak. Lehenengoan, prozesuaren nondik norakoak azaldu zituzten, eta bigarrengoan, jasotako ekarpenen laburpena egin ostean, diagnostikoa osatzeko lan dinamika osatu zuten. Larunbateko saioa izango da hirugarrena, eta eremu guztietako partaideak eta udal ordezkariak elkartuko dira diagnostiko faseari itxiera emateko. Bide batez, udalak eskerrak eman dizkie prozesuan parte hartu duten herritarrei.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide