Egoitzetara bueltan da Adin Adin programa

2019ko Adin Adin bertso saioko irudia.

Azaroaren 29an, astelehena, Azkoitiko San Jose egoitzan izango dira Eneritz Artetxe eta Sebastian Lizaso bertsolariak. Aurtengoa Adin Adin programaren seigarren edizioa izango da, eta Gipuzkoako hamabost adinekoen egoitzatan izango dira bertso saioak.

Hastear da Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk elkarlanean antolatutako Adin Adin programaren seigarren edizioa. Iaz, COVID-19aren pandemia tarteko ezin izan zuten egitasmoa egin, baina aurten hainbat neurri hartuta gauzatu egingo dute. Hala azaldu du Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak: "Egoiliarrek txertoaren hirugarren dosia jasoa dute, eta egoera epidemiologikoa iazkoa baino nabarmen hobea den honetan, bertso saioei berriro ekitea erabaki dugu".

Gipuzkoako adinekoen hamabost egoitzatan izango dira bertso saioa, egoiliarren bizi kalitatea hobetzeko eta bertsoaren bidez pertsona horien gaitasuna sustatzea xede. Gaur izango da lehenengo saioa Tolosan, eta azkena abenduaren 2an, Zumaian. Tartean, azaroaren 29an, astelehena, Azkoitiko San Jose egoitzan izango dira bi bertsolari: Eneritz Artetxe azkoitiarra eta Sebastian Lizaso azpeitiarra. Izan ere, egoitza kokatuta dagoen eskualdeko bertsolariak eta belaunaldi desberdinetakoak ariko dira kantuan saio bakoitzean.

Adin Adin proiektua urtez urte "hazten" ari dela azaldu du Peñak, eta saio horiek duten garrantzia eta onura azpimarratu ditu. Proiektuaren bidez bertsolaritza egoitzetara iritsaraztea dela esan du, ahozkotasunak "terapeutikoki zein ludikoki" duen indarragatik. "Musikak eta bertsoek memoria lantzea ahalbidetzen diete adineko pertsonei, eta iraganeko oroitzapenak eta bizipenak berpizten zaizkie". Horrek sortzen duen "eragin positiboa" izan du hizpide diputatuak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide