Azaroaren 25a

Egungo kultura progresista izan dute hizpide Urola Erdiko Itaiaren hitzaldian

Andoni Elduaien 2021ko aza. 12a, 15:00
Elkargunean egin zuten hitzaldia.

Kultura progresista izan du hizpide Rina Cabeza hizlariak Elkargunean. Hainbat lagun elkartu dira, kultura hori emakumeen ahalduntzean oinarritzen den ala indarkeriaren normalizazioa den entzuteko.

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna, Azaroaren 25a, dela-eta hainbat ekitaldi antolatu ditu Urola Erdiko Itaiak datozen egunertarako. Gaur, esaterako. Egungo kultura progresista: emakumeon ahalduntzea ala indarkeriaren normalizazioa? izenburupean hitzaldia eskaini dute Azkoitiko Elkargunean. Indarkeria matxistaren egungo egoeraz, eta horren aurrean egiten diren proposamenez nahiz beste hainbat konturen inguruan aritu dira. Datozen egunetan, berriz, Azpeitian eta Zestoan egingo dituzte solasaldiak.

Donostiara joateko autobusa

Itaiak azaroaren 25ean, ostegunarekin, egingo duen mobilizazioarekin bat eginez, Urola Erdiko Itaiak autobusa jarriko du Azkoititik, Azpeititik eta Zestoatik hara joan nahi dutenentzat. 18:00etan hasiko da azaroaren 25eko mobilizazioa, Donostiako Bulebarrean. Hara joateko autobusa 16:50ean irtengo da Azkoititik. Autobuserako izena ematea gomendatu dute antolatzaileek, Itaiako kideen bitartez edo Azpeitiko Haginpe tabernan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide