Gogoz jo dute kanpaia azkoitiarrek San Martin egunean

Urtzi Oteiza eta Anartz Izagirre 2021ko aza. 11a, 12:16

Urtebeteko etenaren ostean, azkoitiarrek ez dute hutsik egin aurten, eta goizean goizetik hasita dozenaka herritarrek jo dute kanpaia San Martingo ermitan. Bestalde, meza eta ondareguneko bisita gidatua ere izan dira gaurko egunez.

San Martin eguna da gaur, osteguna, egun berezia azkoitiarrentzat eta San Martineko auzotarrentzat. Pandemiak eragindako urtebeteko etenaren ostean, gogoz jo dute kanpaia dozenaka herritarrek, eta eguraldia lagun, haurrak, gazteak zein helduak bildu dira ermitaren kanpoaldean. Azkoitiarrek gaurkoan ez dute hutsik egin, eta meza aurretik zein ondoren ilarak sortu dira ermitara igotzeko eskaileretan.

Gaurko egunez, gainera, San Martin eguneko ondaregunea ireki dute, eta mezaren ostean, 12:00etan, bisita gidatua egin dute hainbat herritarrek. Bertan izan dira Azkoitiko udal ordezkariak ere, eta ermitaren nahiz berau dagoen mendixkaren inguruan gehiago jakiteko abagunea izan dute. 17:00etan beste bisita gidatu bat egingo dute, eta edonork izango du bertaratzeko aukera.

Bestalde, arratsaldean ere izango dute herritarrek kanpaia jotzeko aukera, 21:00ak bitartean, eta ondoren, datorren urtera arte isilduko dira San Martin eguneko kanpai hotsak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide