Jarduera fisikoa sustatzeko orientazio zerbitzu "indarberritua" aurkeztu dute

Mailo Oiarzabal 2021ko aza. 10a, 17:18
Maialen Alkorta, Sonia Vazquez, Ania Subinas, Elena Tolosa eta Malen Ruiz Azua, gaurko agerraldian. (Mailo Oiarzabal)

Mugi Azkoitia doako zerbitzua martxan dela gogoratzeko eta Ania Subinas orientatzaile berria aurkezteko agerraldia egin dute gaur udaletxean. "Inaktiboak diren pertsonei euren egunerokotasunean jarduera fisikoa txertatzen laguntzea" da Mugiment egitasmora atxikitako zerbitzuaren xede nagusia eta behar duten herritar guztiek erabil dezakete.

2020ko urtarrilean aurkeztu zuen Azkoitiko Udalak Mugiment egitasmoa, eta hori herrian gauzatzeko martxan jarri zuen kirol orientazio zerbitzua. Handik gutxira lehertu zen pandemiak, ordea, gorabehera handiak eragin zituen zerbitzu berrian. Orain, bultzada berria eman nahi izan diote jarduera fisikoa areagotzeko eta sedentarismoa murrizteko asmoan lagundu nahi zuen zerbitzuari. Mugi Azkoitia izena hartu du Mugimente egitasmora atxikitutako zerbitzuak eta orientatzaile berria du, Ania Subinas.

Hain zuzen ere, zerbitzu "indarberritua" zein orientatzaile berria aurkezteko agerraldia egin dute gaur udaletxean Sonia Vazquez zinegotziak, Subinasek, Malen Ruiz Azua Mugimenteko idazkari teknikoak, Maialen Alkorta jarduera fisiko zerbitzuetako koordinatzaileak eta Elena Tolosa Urola eskualdeko Osasun Publikoko koordinatzaileak.

Gizarte aktiboa lortzea xede duen elkarlanerako egitasmoa da Mugiment, eta ehun erakundek hartzen dute parte bertan. Vazquezek azaldu duenez, "inaktiboak diren pertsonei euren egunerokotasunean jarduera fisikoa txertatzen laguntzea" da, hain zuzen, Mugi Azkoitiaren xede nagusia, eta behar duten herritar guztiek erabil dezakete doakoa den orientazio zerbitzua. "Orientatzaile batek modu indibidualean hartuko ditu jarduera fisikoa modu erregularrean egin nahi duten erabiltzaile haiek. Horretarako, orientatzaileak programa bat proposatuko dio zerbitzuaren erabiltzaileari, eta jarritako helburuen betetze mailaren jarraipena ere egingo du".

Herritarrek beren kabuz eta beren nahi eta beharren arabera eska dezakete Nugi Azkoitiaren orientatzailearen zerbitzua, baina egitasmoaren helburua "erabiltzaileak izan daitezkeen pertsonak detektatzea eta herritarren gehiengora iristea" ere badenez, orientatzailearen figuraz gain "bideratze agenteen" lanaren garrantzia azpimarratu du Alkortak. Azkoitian, Osasun Etxeak eta udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailak beteko dute bideratzaile lan hori.

Zerbitzuaren xehetasunak

Subinasek, bere aldetik, jarduera fisikoa sustatzeko orientazio zerbitzuaren egutegia, ordutegia eta xehetasunak jakinarazi ditu. Astean hiru egunetan eta bi tokitan egingo du lan Subinasek kirol orientazio zerbitzua eskaintzeko: astearteetan eta ostegunetan Kultur Etxean eskainiko du zerbitzua, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara; eta asteazkenetan, berriz, anbulatorioan, 09:00etatik 13:00etara.

Zerbitzua jaso nahi duten herritarrek aurrez hitzordua eska dezakete 688 76 39 63 telefonora deituta edo koz@azkoitia.eus helbidera idatzita

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide