Artileari erabilera berriak emateko proiektua hasi da fruituak ematen

Mailo Oiarzabal 2021ko aza. 9a, 18:14
Latxariren aurkezpena, gaur, Gasteizen. Argazkian, ezkerretik hasita bigarrena da Urkomeko Yurre Peñagarikano. (EkoGarapena)

Maria Cle Leal diseinatzaileak latxa artilea erabiliz sortu duen jantzi bilduma aurkeztu dute gaur Gasteizen. Artilearen balioa berreskuratzeko eta latxa ardien ileari erabilera berriak emateko Latxari ehungintza proiektuaren lehen emaitza da bilduma, eta Urkome Urola Kostako landa garapenerako elkartea da proiektuan parte hartzen ari den erakundeetako bat.

Artileari "bizi berri bat emateko" Latxari proiektuaren lehen emaitza aurkeztu dute gaur Gasteizen: Maria Cle Leal euskal diseinatzaileak material horretan oinarritutako ehunekin sortu duen jantzi bilduma. "Latxa artilearen ehunari balioa emateko aukera berriak garatzeko, eta hainbat merkatutan komertzializatzeko" helburuarekin, iaz jarri zuten martxan Latxari Neiker teknologia zentroak, Urkome Urola Kostako landa garapenerako elkarteak eta Cle Lealek, elkarlanean, Latxaesnea kooperatibaren koordinazioarekin.

Eusko Jaurlaritzaren bioekonomia plangintzaren barruan dago proiektua; Europako Berrikuntza Elkarteak Talde Operatiboak sortzeko eta funtzionatzeko ematen dituen dirulaguntzak jaso ditu, eta Landa Garapenerako Nekazaritza Funtsak (FEADER) finantzatu du proiektuaren %75a. Gasteizko Udalaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien babesa ere izan du Latxarik. Horrela, proiektuaren lantaldea osatzen duten erakundeen ordezkariak ez ezik –han izan da Yurre Peñagarikano Urkomeren gerentea ere–, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea, eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea ere izan dira gaurko aurkezpenean, Montehermoso kulturgunean.

Hondakin izatetik negozio aukerara

Hondakin izaera du gaur egun artileak, eta buruhauste bihurtu da artzainentzat; izan ere, artilea jaso diezaieten ordaindu egin behar dute artzainek. Hain zuzen ere, atzo eta gaur egin dute Azpeitiko eta inguruetako artzainei zuzendutako urteko artile bilketa, Landaolak antolatuta, Anardi industrialdeko aparkalekuetako batean. Latxariren aurkezpenean emandako datuaren arabera, bi milioi kilo artile sortzen dituzte urtean ardi latxek.

"Ingurumena zaintzen duten ezaugarriak dituen jantzi bakar eta esklusiboak" sortzeaz gain, "ardi latxaren artilearen komertzializazioak artalde horien ustiategiei balioa ematea lortzea" da Latxari proiektuaren helburua, gaurko aurkezpenean azaldu dutenez. Artilearen kudeaketaren eta metatzearen arazoari irtenbide eta negozio bide berri bat irekitze aldera gauzatu dute Latxari, baina proiektu hori "arazo honen inguruko lan-ildo zabalago baten barruan kokatzen" dela nabarmendu dute gaur Gasteizen, "jakitun baikara oraindik beste proiektu batzuetan erabili beharko diren tonaka artile egongo direla", Latxaesneako koordinatzaile Virginia Ortiz Barronen esanetan. "Lortutako emaitza onei esker", egitasmoan partaide diren eragileak "hainbat arlotako beste euskal enpresa batzuekin elkarlanean aritzeko aukerak aztertzen" ari dira, "filosofia jasangarri bera partekatzen badute, ehunari eta ehun horrekin diseinatutako eta landutako produktuei ikusgarritasuna emateko, eta zuntz horren erabilerari sakon lotuta kalitate zigilu bat sortzeko".

Lanaland, beste bide bat

Latxari ez da artilearen arazoari irtenbidea emateko martxan den proiektu bakarra. Artzainentzat hondakin eta burukomin bilakatu den artilea material berrerabilgarri bihurtzeko, Lanaland proiektua aurkeztu zuten iaz, eta hor ere parte hartzen du Urkomek.

Artilea pilatuta, gaur goizean, Anardi industrialdean. (Mailo Oiarzabal)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide