Sistemaren zimurrak

Anartz Izagirre eta Ane Olaizola 2021ko abe. 7a, 09:00

Azken hilabeteetan, kexu agertu dira, beste behin, langileak, egoiliarrak eta senideak, beharginek dituzten lan baldintzengatik, eta ondorioz, egoiliarrek jasotzen duten zerbitzuagatik. Mobilizazioen aurrean, arduradunak zenbait pauso ematen hasi direla nabarmendu dute langileek, baina oinarrian, egoerak gordina izaten jarraitzen duela azpimarratu dute hiru aldeek. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kabia fundazioaren barruan dago San Jose egoitza, eta Biharko enpresak kudeatzen du.

Eguzkiak San Jose egoitzaren ataria epeltzen du, eta giroa aprobetxatzen daude hainbat egoiliar, tertulian, paseoan edota egonean. Barruko egongelan, bakarren bat telebista ikusten ari da. Garbigailuz betetako orga batek garbitzaile bat lanean ari dela iradokitzen du, baina hutsik dago lehenengo solairuko korridorea. Sarrerako atean eta harreran ere ez da inor nabari. Maxixatzenek, han izan den tartean, behargin bakarrarekin egin du topo.

Egoitzako langile falta eta horiek dituzten lan baldintzak salatzeko aldarrikapenek oihartzuna izan dute azken hilabeteetan herrian, eta auzi horri tiraka, egoitzan bizi duten egoera azaldu nahi izan Maxixatzenek. Horretarako, alde guztien ikuspegia bildu nahi izan du aldizkariak, baina San Jose egoitza kudeatzen duen Biharko enpresaren erantzunik ez du jaso.

Ana Caballero, Ainhoa Larrañaga eta Ainara Caballero, egoitzako hiru langile.

"Anabasa izugarria izan da uda"

"Nekatuta eta estresatuta". Igaro duten udaren ostean, sentipen hori dute Ainara Caballero, Ana Caballero eta Ainhoa Larrañaga San Jose egoitzako langileek. Joan den uda "anabasa" izan dela adierazi dute hirurek, eta "oso gaizki" pasatu dutela. Ildo horretatik, "egoera jasanezina" salatzeko elkarretaratzea egin zuten abuztuan langileek egoiliarrekin, senideekin eta dozenaka herritarrekin batera eliz atarian, eta mobilizazio haren ostean, "hunkitu" egin zirela nabarmendu du Larrañagak. Halaxe kontatu du bizitakoa: "Ez gara atera protestan hitzarmenagatik, herriko egoeragatik baizik. Udan erizain falta izan dugu, arduraduna ere falta izan zaigu egun batzuetan, eta guk egin behar izan ditugu haien lanak gure lanorduen barruan. Gure gain egon da dena, ez gaituzte ulertu, eta abandonatuta utzi gaituzte. Negarrez joaten ginen etxera, ez ginelako egin beharrekoa egitera iristen".

Udaz hitz egin badute ere, langileak aspalditik ari dira borrokan lan baldintza duinen alde, eta bereziki, ratioak aldatzeko eskatzen dute. Anarentzat "arreta pertsonalizatuagoa" behar dute egoiliarrek: "Pertsona batekin lanean ari bazara, eta beste batek ‘ba al duzu momentu bat?’ galdetzen badizu, niri baietz esatea gustatuko litzaidake. Askotan hitz egitea besterik ez dute behar izaten, baina horretarako ere ez dugu astirik. Autonomoa den egoiliar bati, adibidez, 39 minutu soilik eskaintzen zaizkio egunean. Ez da erreala". Ildo beretik hitz egin du Ainarak ere: "Langile gehiago behar dira. Horixe da eskatu izan duguna eta eskatzen duguna. Udan ez ziguten kasurik egin, eta irailean hasi ziren egoeraz arduratzen. Lanetik atera eta pentsatzen duzu ezin izan duzula zure lana ondo egin. Amorrua ematen du horrek".

Egoitzaren arduradunak "egoera baloratzen" ari direla azaldu dute beharginek. "Orain etorri dira balorazioak egitera. Pasatu duguna eta gero, gu prest gaude zain egoteko", azaldu du Anak. Larrañagaren arabera, langileek udan egindako presioari esker joan dira egoera ikuskatzera: "Uda honetan mugitu izan ez bagina, agian okerrago egongo ginatekeen orain. Haien jarrera zerbait aldatu da. Dena den, beti ratioen aitzakia jartzen digute, eta ziur nago ratio horiek egiten dituenak ez dakiela egoeraz ezertxo ere. Pertsona bakoitza mundu bat da, eta, gainera, aldaketak jasan ditzake egoiliar batek denbora gutxian". Hirurak bat datoz kalitatezko zerbitzua eskaintzeko baliabiderik ez dutela esatean. Halaxe dio Larrañagak: "Kabiaren eskuorrian jartzen duena eskaini nahi dugu: arreta pertsonalizatua eta integrala. Eta horixe da, hain justu, falta dena, argi eta garbi".

Egoiliarrek, sarritan, lasai egoteko esaten dietela azaldu du Ainarak: "Uda honetan oso ondo ulertu gaituzte. Askok argi ikusten dute gertatzen dena sistemaren erruz pasatzen dela". Bat dator Larrañaga: "Lasai hartzeko eskatzen dizute, ez itotzeko, badakitela ez garela heltzen. Eta horrek sekulako lasaitasuna ematen dizu". Udal Gobernuko ordezkarien laguntzarik ez dutela izan salatu dute: "Baina ez orain bakarrik, pandemia garaian ere ez dira arduratu egoitzara igotzeaz", dio Anak. Oposizioko bi alderdiekin, berriz, harremanetan egon dira, eta haiekin elkartu izan dira egoera azaltzeko, baita Senideak plataformakoekin eta sindikatuetako ordezkariekin ere.

Bestalde, Kabiak eta Azkoitiko Udalak irailean egin zuten bileran parte hartzea eskatu zuten egoiliarrek, langileek eta senideek, baina ukatu egin zieten aukera. "Esan ziguten guk arazoa enpresarekin genuela eta haiekin konpondu behar genuela; bilera hori ez zela horretarako", dio Anak. Hori dela eta, plazan elkarretaratzea egin zuten erabakia salatzeko, eta, guztira, 300 lagun inguru bildu ziren. Uda ostean, Biharko egiten ari den balorazioekin "esperantza" sortu zaiela nabarmendu du Anak: "Senideekin biltzen ari dira, baita egoiliarrekin ere. Orain arte ez da halakorik existitu. Egoera konpontzeko, interesgarriena sistema bera aldatzea izango litzateke, baina badakigu zaila dela hori. Egin ditzatela egin beharreko balorazioak, eta ondoren, guk geureak egingo ditugu".

"Egoiliarrok genuen elkartasuna eta elkarrekin egoteko poz hura ez dago jada"

"Duintasuna galdu dugu"

Langileen lan baldintzek zuzenean eragiten dute egoiliarrek jasotzen duten zerbitzuan, eta horren lekuko dira Manolo Larrañaga, Inmaculada Lizarralde, Patxi Aranbarri, Koldo Campos eta Tere Cuende, San Josen bizi diren egoiliarretako bost. Egoitzan zer moduz dauden galdetuta, gehienek, oro har, atsekabez kontatu dute egunerokoan bizi dutena. Lizarralde da hitza hartzen lehena: "Sasoi batetik hona, zerbitzua asko jaitsi da, eta pena handia da. Ikusten dugu langileak ezin direla iritsi nahi duten guztia egitera. Orduan, gauza batzuk ez dituzte egiten, edo gaizki egiten dituzte". Guztiak bat datoz arazoaren muina langile falta dela esatean: "Batek baja hartzen badu, ez da ordezkorik hartzen".

Adierazi dutenez, gainera, erizainak eta medikuak ez dira egunero egoten egoitzan, eta beraz, haiek egoiliarrei banatu beharreko pilulak eta botikak erizain laguntzaileek ematen dizkiete. Horrek, maiz, hainbat arazo sortu izan dizkie. "Behin, hartu beharreko pilula bat falta zitzaidan. Langilea joan zen begiratzera, baina ezer ez. Gau hartan, pilula hura hartu gabe oheratu nintzen. Ez da kasu bakarra izan nirea. Izan ere, langile horiek ez dagozkien zereginetan ari dira", kontatu du Larrañagak. Gauetan, gainera, medikurik eta erizainik ez dela egoten diote. "Botikak irensteko unea arriskutsua izan daiteke haiek gainbegiratu gabe. Oso larria da ardura hori laguntzaileen gain uztea, erizainek dakitelako itotzen ari den hori bere onera ekartzen". Aranbarri da egoiliarren artean beteranoena; 22 urte daramatza han bizitzen, eta azken urteetan zerbitzua "eskastu" egin dela azpimarratu du. "Mojekin geundenean, esaterako, atezain bat genuen; orain, ez. Garai hartan, jatekoa ere hobea zen". Elkarrizketatuen arabera, "izoztutako janari asko" prestatzen dituzte otorduetarako.

Pertsona bakoitzak duen autonomia mailaren edota beharraren arabera, solairuetan dituzte banatuta egoiliarrak, eta bigarren solairuan daude behar handiena dutenak. Hain zuzen ere, solairu horretan ikus daiteke egoitzaren "errealitate gordinena", baita mingarriena ere: "18:00etatik 19:00etara bitartean, oraindik afaria emateko garaia ez denean, egoiliarrak gurpil aulkietan bata bestearen atzean pilatzen dituzte bigarren solairuko egongelan. Ilunabarrean, inork jaramonik egiten ez dion telebista ondoan dutela egoten dira... Irudi horrek bihotza puskatzen dizu", azaldu du Camposek. "Zuzendaritzaren enpatia faltaren eraginez, oker asko egin dituzte", gaineratu du hark, eta jasotzen duten zerbitzuari dagokionez, zera gaineratu du Lizarraldek: "Zalantzarik gabe, duintasuna galdu dugu".

"Aspaldi" da egoitzan musikarik entzuten ez dela, "norbaitek bere logelan jartzen ez badu, behintzat". Haien arabera, egoiliarren artean ere giroa hotza da azken boladan. "Guk genuen elkartasuna eta elkarrekin egoteko poz hura ez dago jada", azaldu du Lizarraldek. Zentzu horretan, oso presente dute oraindik izurritearen eraginez bizi izan zuten egoera: "Egoitza itxi eta konfinamendua hasi zenean, egoiliarrok genuen osagai afektibo bakarra desagertu zen: familien eta gertukoen bisitak. Harremanetarako behar gehiago zegoen, baina langile gutxiago. Konfinamenduak eragin zuen egoiliar asko burua galtzen hastea, eta horren ondorioak orain ari gara ikusten", dio Camposek.

Izan ere, langile faltak askotariko ondorioak izan ditzake, eta leku guztietara "berandu eta suminduta" iristeak zuzenean eragin dezake langileen eta egoiliarren arteko harremanetan. "Tratuak lasaiagoa behar du izan. Ez gara alde batetik bestera mugitzen garen objektuak, pertsonak baizik. Hitz egiteko norbait edukitzea oso garrantzitsua da, osasuntsua".

Gaizka Larrañagak, Nagore Silvanek, Mari Karmen Elorzak, Lourdes Zumetak eta Luis Larrañagak San Jose egoitzan dituzte senideak.

"Ondo zainduta daudela jakin behar dugu"

Egoiliarren senideek ere kezkaz bizi dute beren gertukoen egoera. Inmaculada Lizarralderen semea da Luis Larrañaga; Manolo Larrañagaren iloba, Gaizka Larrañaga; Nagore Silvanek, berriz, Maite Barriuso ama du egoitzan; Lourdes Zumetaren ama Ana Maria Aranburu ere han bizi da; eta Joakina Dierez egoiliarraren iloba da Mari Karmen Elorza. Haiek adierazi dutenez, "urteetan" ari dira kudeatzaileei adierazten egoitzan zer "hutsune" dauden, baina izurriteak arazoa "agerian" utzi duela azpimarratu dute: "Konfinamenduaren aurretik, senideok eta boluntarioak joaten ginen hara, eta batak besteari laguntzen genion. Horrek lan asko estaltzen zuen. Pandemiarekin, ordea, inork ezin zuenez hara joan, langileak bakarrik geratu ziren, eta ez ziren ezertara iristen".

Egoiliar bakoitzaren egoera oso desberdina da; batzuk autonomoak dira, baina beste batzuek laguntza behar dute jateko, janzteko edota garbitzeko. Zenbaitek, gainera, hitzez komunikatzeko gaitasuna galduta dute, Barriusok eta Aranburuk, kasu. Horien alabentzat, bereziki latzak izan dira izurritearen eraginez hartu zituzten neurriak, ezin izan zutelako haiekin komunikatu. Zumetak jakinarazi duenez, esaterako, lau hilabetez ez zuen bere amaren berririk izan: "Konfinamenduan, esan ziguten astero egoitzak berak emango zigula gure senideen berri. Gutako inork oraindik ez dugu deirik jaso. Hori zuzendaritzari esan nionean, erantzun zidan bideodeiak egiten zirela egoiliarrekin. Baina nire amak ez du hitz egiten. Lau hilabetez nire amaren berririk gabe egon ostean, senideoi egoiliarrak ikusteko baimena eman ziguten. Ama bisitatzera joan baino egun batzuk lehenago deitu zidaten, esanez amak hamar kilo galdu zituela eta prest egon nedin hura ikusterako". Senideekin harremanik ez edukitzeak eragin dien atsekabea "izugarrizkoa" izan da, eta zentzu horretan egoitzaren "kudeaketa traketsa" kritikatu dute: "Egoitzaren helburua izan da inor ez gaixotzea. Baina, zer modutara? Hori al da bizitzea?", esan du Elorzak. Luis Larrañaga: "Izurrite garaian, prest azaldu nintzen egoitzara joan eta egoiliarrei kanpoaldean buelta bat emateko, baina egoitzak esan zuen nahikoa jende bazegoela lanean. Gezurra. Arazoa da ez dutela nahi ikustea han zer dagoen. Zergatik? Negargura ematen duelako".

"Badaude gurpil aulkian beheko petrilaren edo autoen aurka jo dutenak"

Hain zuzen, malkoei eustea ere zaila egiten zaie zenbait unetan senideei, maite dituzten horiek egoitzan nola dauden gogoratzean. Haien arabera, esaterako, "oso hotza" da senideak kanpora atera eta berriz han uzteko unea: "Bigarren solairura joaten zara [Barriuso han dago], eta guztiak han daude, altzarien moduan, geldirik, eta inor ez haiekin. Ama berriz han uztean, beti saiatzen zara norbaiti jakinarazten, baina ez da egoten inor", dio Silvanek. Oro har, denbora asko bakarrik pasatzen dutela gaineratu du Elorzak.

Senideek egoiliarrak ikusten dituzten moduan ere antzematen da langile falta; esaterako, txukuntasun ezean. "Denborarik ez dagoenean gertatzen den moduan, ez ditugu txukun ikusten senideak. Askotan, arropetan orbanekin, ondo orraztu gabe, beste baten hortzak jarrita... ikusi izan ditugu", adierazi du Elorzak, eta Silvani ere gertatu zaio halakorik: "Hartu izan dut ama beste baten gurpil aulkian eta hildako baten arropak jantzita. Batzuetan, kokotsean purea duelako jakiten duzu zer jan duen. Eskuak zikin, poltsikoan goilara bat sartuta... tokatu izan zait".

Asko kezkatzen dieten beste kontu bat da kanpoaldean ere inor gutxi egoten dela egoiliarrak zaintzen. Izan ere, aldapatsua da kanpoaldea, eta zenbait "susto" izan dituzte; beldur dira: "Badaude gurpil-aulkian beheko petrilaren edota autoen aurka jo dutenak. Guk ere harrapatu izan ditugu aldapan behera zihoazela".

"Egoitza aldundiarena bada, langileak ere harenak izan beharko lirateke"

Horrez gain, egoitza herrigunera eramatearen premia ere oso presente dute familiartekoek, eta beste behin, izurriteak arazoaren gordina erakutsi duela azpimarratu dute. "Inor ez zuten ikusten. Herrigunean egonda, gutxienez jendea ikusiko zuketen igarotzen. Lekuak asko esan nahi du; asko hitz egiten da herrian integratzeaz, baina hor daude, herriko girotik urrun", esan du Elorzak. "Zahartzaroa herrira eraman behar da; herriaren parte izan behar du".

Elkarrizketatuek argi dute egoitzaren kudeaketaren atzean "negozioa" dagoela, eta enpresa pribatuek kudeatuko ez balute, zerbitzua "hobea" izango litzatekeela. "Egoitzak irabazirik ez balu eragingo, enpresek ez lituzkete hainbeste egoitza kudeatuko", dio Elorzak. Haien ustez, adinekoen egoitzek zerbitzu publikoa eta soziala behar dute izan. Gaizka Larrañaga: "Aldundiak azpikontratatuko al luke Ogasuna? Ez dut uste. Egoitza Aldundiarena bada, langileak ere Aldundiarenak izan beharko lirateke, eta beharginekin eta ratioekin ditugun gorabehera horiek ez genituzke izango".

Etxean kalitatezko zaintza emateko baliabideak ez zituztelako dituzte gehienek senideak egoitzan. "Pentsatzen duzu egoitzan zaintza egoki bat izango dutela, zuk eman dieziokezuna baino hobea". Hain zuzen ere, horixe da senideen nahia. "Ondo zainduta daudela jakin behar dugu".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide