Iristear da San Martin ermitako kanpaiari tira egiteko eguna

Andoni Elduaien 2021ko aza. 8a, 13:13
San Martin ermitako kanpaiari tira egiteko ilara luzeak sortzen dira.

Iaz ez bezala, aurten San Martin ermitako kanpaiari tira egiteko aukera izango dute herritarrek. Era berean, ermitako ondaregunea ezagutzeko eta bisita gidatua egiteko aukera egongo da ostegunean.

San Martin ermitako kanpaia jotzeko aukera izango da datorren ostegunean, azaroak 11. Usadioari eutsiz, azkoitiarrek egun osoan zehar izango dute San Martin auzoari izena ematen dion ermitara igo eta kanpaiari tira egiteko aukera. Ostegunean, herriko ermita berezienaren dilin dalan hotsa nagusituko da Azkoitian.

Kanpaia jotzeko ohitura 1555. urtean hasi zen Azkoitian. Ekaitzak ekartzen zituen lainoak saihesteko asmoz hasi ziren urte hartan Azkoitiko San Martin ermitan kanpaia jotzen; izan ere, 1555. urteko ekainaren 18an sekulako harri-erauntsia bota zuen herrian, hainbat baserritan eta etxetan kalte nabarmenak eraginez. Ermita dagoen tontorretik herrira etor zitekeen guztia ikusten zenez, San Martin ermita hautatu zuten kanpaia jotzeko. Etorkizuneko ekaitzak saihesteko, udaletxeak urte hartan bertan jarri zuen protokoloari jarraipena emanez, herritarrek kanpaia jotzeko ohiturari eusten diote.

Ondaregunea eta bisitak

Kanpaia jotzeaz gain, San Martin ermitako ondaregunea bisitatzeko aukera izango dute herritarrek ostegunean. Museoa zabalik egongo da, goizez 10:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 16:00etatik 19:00etara. Munibe arkeologia taldeak, berriz, bisita gidatuak eskainiko ditu 12:00etan eta 17:00etan. San Martin egunean, gainera, meza egingo dute 11:00etan, ermitan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide