Festaren erdian, hondamendia

'Guateke' antzezlaneko une bat. (Eromen Produkzioak)

Eromen Produkzioak konpainiak Iñigo Dierez azkoitiarraren Guateke antzezlana taularatuko du igandean, Azpeitiko Soreasu antzokian, 19:00etan. Festa eta munduaren amaiera uztartzen dituen "komedia zoroa" da.

“Zer gertatuko litzateke munduaren amaierak festa batean harrapatuko bagintu?”. Horixe da Guateke antzezlanak planteatzen duen galdera, Iñigo Dierez (Azkoitia, 1993) obraren idazleak azaldu duenez. “Halako hondamendi baten aurrean aurkituko dira pertsonaiak, eta publikoak ikusiko du nola erreakzionatzen duten, zer beldur dituzten, maskarak erortzen direnean zer gertatzen den… Obran zehar galdera batzuk sortuko dira, eta ea ikusleek zer erantzun topatzen dituzten”. Zestoako Eromen Produkzioak konpainiak berez iaz aurkeztu behar zuen antzezlana Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan, baina izurria tarteko, bertan behera gelditu zen emanaldia. Aurten izango dute oholtzara igotzeko aukera.

“Baneukan ideia zoro bat, film amerikar batetik hartutakoa”, dio Dierezek, obraren lehen ernamuinaz galdetuta. Ideia hori proposatu zion Amancay Gaztañagari –hura da obraren zuzendaria–, eta haren onespenaren ostean hasi zuen Dierezek idazketa lana; Guateke da prozesu horren emaitza. Antzezlanaren izenburuak iradokitzen duen moduan, festa bat da istorioaren abiapuntua. “Festa horretan pertsonaia xelebre eta friki pila bat elkartuko dira, eta istorioa bera azpitrama askoren emaitza da; izan ere, pertsonaia bakoitza bere kontu pertsonalekin dator festara, eta festa horrek elkartu egingo ditu haietako bakoitzaren tramak”.

Dierezen arabera, “komedia zoro bat” da antzezlana. “Puntu dramatikoak badauzka, azpitrama asko oso ilunak direlako, baina umoretik bideratu dugu. Pertsonaiak oso zoroak dira, eta horrelako pertsonaiak izanda, ezin genuen drama bat planteatu. Askotan gai dramatikoak komediatik lantzeak oso ondo funtzionatzen duenez, horren alde egin dugu apustu”.

Festetan ohikoa izan ohi da jende ugari elkartzea, eta Guateke antzezlanean ere ez da jende faltarik izango: hain zuzen ere, 30 aktore inguruk parte hartuko dute obran; haietako batzuk dantzariak dira. Hain zuzen ere, talde izaera hori azpimarratu nahi izan du Dierezek: istorioa idaztearen ardura berak izan duen arren, Guateke talde lanaren emaitza dela nabarmendu du. “Nik ideia batzuk baneuzkan eta horiek proposatu nituen, baina bidezkoa da esatea taldekide denek asko eman dutela. Nahiz eta nik idatzi dudan, antzezlana ez da esklusiboki nirea, jendeak ekarpen pila bat egin dituelako. Amancayk ere sekulako lana egin du, zuzendariaren kanpo begirada horretatik. Behin betiko testua denon meritua da, nahiz eta lehen ideia nirea izan”.

Idazle eta aktore

Testua idaztearen ardura izateaz gain, antzezleetako bat ere bada Dierez. “Egia da oso tranpatia izan zaitezkeela zeure buruarentzat idazten duzunean. Izan ere, zure buruaren mugak ezagutzen dituzunez, ez duzu idazten gero defenditu ezingo duzun gauza bat. Gainera, oso arraroa da zuk idatzi duzun gauza hori gorputza hartzen joatea eta zu gorputz horietako bat izatea”. Bi arloak uztartzeak “sentipen arraroak baina politak” eragin dizkiola adierazi du hark.

Munduaren amaieraz hitz egiten du antzezlanak, eta kasualitateak kasualitate, ondo ezkontzen da gaia egungo egoerarekin. “Pandemiak berak beste zentzu bat eman dio obrari; izan ere, gu munduaren amaieraz hitz egiten ari ginela, mundua gelditu egin zen bat-batean. Oso gauza iluna izan zen, baina aldi berean, sekulako zentzua ematen dio obrari. Emaitza oso indartsua da”.

Herritarrak antzezlana ikustera animatu nahi ditu Dierezek. “Jendea kultura beharrarekin, antzerkia ikusteko sekulako gogoarekin, parrandarako eta dantzarako desiratzen… dago, dena ahazteko gogoarekin. Eta gure obrak hori dena elkartzen du: umorea, antzerkia, musika, dantza… Koktel hori probatu eta gozatu nahi duenak aukera ederra dauka igandean Azpeitian”.

“Mikroantzerkiak-eta” idatzi izan ditu azkoitiarrak, baina haren lehen obra luzea da Guateke. “Sekula ez nuen halako antzezlan luzerik eta hainbeste pertsonaia dituenik idatzi. Esan dezaket idatzi dudan gauzarik handiena dela”. Behin pausoa emanda, agian animatuko da “beste zerbait” idaztera. “Pandemia garaian jendea oso sortzaile ikusi dut. Konfinamendutik musikari, idazle nahiz sortzaile ugari atera dira, baina niri justu kontrakoa gertatu zait. Blokeo batean sartu nintzen, eta orain arte ez dut lortu ezer idaztea. Orain idazteko gogoz nago, baina ez daukat garbi zer idatziko dudan: nobela bat, bakarrizketa bat, teatroa… Ez daukat oso definituta, baina gogotsu nago, eta sentipen hori errekuperatzearekin bakarrik, oso pozik nago”.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide