Eduki babestua: KLINK ekintzailetza

Saioa Garmendia: "Beldurrak beti ditugu, lan finkoan nahiz ekintzaile izandakoan, baina aurrera egin behar da"

Maxixatzen.eus 2021ko aza. 1a, 15:17

Menpekotasuna duen pertsona bat zaintzen duten zaintzaileen autozainketa. Hori du ardatz Saioa Garmendiak eskaintzen duen ‘Zaintzailea zainduz, laguntza eta autozainketa’ tailerrak.

Zaintzaileei laguntzeko tailerrak ematen ditu Saioa Garmendiak (Astigarraga, 1979), eta elkarte eta udaletxe desberdinetan ari da zeregin horretan. Lan finkoa eta hasierako beldurrak alde batera utzita, hartutako erabakiarekin oso gustura agertu da Azpeitiko bizilaguna.

Nola sortu zen autozainketa tailerrak emateko ideia?

Beti egin izan dut lan zaintza arloan, eta duela lau urte heriotzaren inguruko formazioa egin nuen: Vivir un buen morir y el arte de acompañar (Heriotza on bat bizi eta laguntzeko artea). Izan ere, lanean askotan egokitzen zitzaidan heriotzaren bat bizitzea, momentu gogorra bezain berezia da eta egoera hau modu egoki batean ematen ikasi nahi nuen. Formazioa amaitzean, tesina egin nuen: “Etxean dagoen gaixo terminalaren zaintzailearen beharrak”. Lan hori egitean konturatu nintzen zaintzaileek zituzten beharrez, beraien bizimodua guztiz aldatzen da, zaintzaile gehienek lana, aisia eta gizarte-jarduerak utzi behar izaten dituzte, lagunengandik eta senideengandik aldentzen dira, eta, horren ondorioz, gizartetik. Azkenik, beren burua zaintzetik isolatzen dira, ondorioz, "ezkutuko gaixoak" bihurtzen dira. Horiei laguntzeko zerbait nahi nuela egin erabaki nuen, eta orduan sortu nituen ‘Zaintzailea zainduz, laguntza eta autozainketa’ tailerrak.

Eta nola izan da egi bihurtzeko prozesua?

Tailerren ideia izan nuenean, Iraurgi Berritzen garapen agentziara jo nuen. Lehen fasean proiektua egiten sortzen zaizkizun kezka eta galderekin laguntzen dizute, orientatuz, aholkuak, nora jo bideratzen zaituzte... Gozamena izan da prozesua Iraurgi Berritzenekoekin egitea. Gainera, orain, hasierako prozesu hori amaituta eta martxan nagoela, babesten eta laguntzen jarraitzen didate, proiektua nola zabaldu, aholkuak ematen eta baita ere formakuntzak eskainiz.

Zer ikasi duzu prozesu horretatik?

Ikaragarri. Ideia egi bihurtzen duten erreminta ugari eskaintzen dizkizute, babesa eta orientazioa ematen dizute. Niretzat oso positiboa izan da, asko ikasteaz gain, beraien prestutasuna ere erabatekoa izan delako.

Zein oztopori, beldurri, aurre egin behar izan diezu?

Oso desberdina da ideia izan eta hori idaztea, eta gero errealitateari aurre egitea. Hasierako beldurra orain arte lanean egon zaren lanpostuak eskaintzen dizun segurtasunari agur esatea da, eduki duzun segurtasuna alde batera utzi eta aldaketa egiten duzunean gauzak nola joango diren ez jakiteak da beldurra ematen duena, ezjakintasuna. Nire kasuan, gainera, bakarrik nago; nik egin dut proiektua, ni naiz tailerrak ematen dituena, edukiak landu dituena.

Ekintzaile izateko, beraz, ausartu egin behar da?

Bai. Beldurrak beti ditugu, lan finkoan nahiz ekintzaile izandakoan, baina aurrera egin behar da. Nire kasuan oso garbi izan dut beti zaintzaileen gaia nire bizitzaren zati garrantzitsua izan dela, eta, beraz, aurrera egin nuen.

Zeintzuk dira pertsona ekintzaileak izan edo landu behar dituen gaitasunak?

Ideia garbi izanez gero, Iraurgi Berritzenera joatea aholkatzen diet. Pauso asko eman behar izaten dira, eta pauso horiek azaltzeaz gain, laguntza, orientazioa eta babesa eskaintzen dizute. Lasai eskatu behar da laguntza, gainera, besteen ikuspuntua jakitea ere aberasgarria da, zuk ikusten ez dituzun akatsak edo aukerak pertsona horiek ikusiko baitituzte. Beti duzu zerbait ikasteko.

2021 urte hasieratik ari zara lanean. Zer moduz doaz lehen hilabete horiek?

2021 urte osoa daramat lanean, eta oso gustura nago. Hasieran ate asko jo behar dituzu zu eta zure proiektua ezagutarazteko, baina pozik nago gauzak ondo ari zaizkidalako irteten. Pandemia kontuak baliteke dena azkartzea, etxean sartu behar izan genuelako eta zaintzaileen lana gogorragoa bihurtu zen. Behar gehiago zegoen, eta espero eta bilatu gabe, lana iritsi zitzaidan. Hori bai, ikasten jarraitzen dut, gauzak eta beharrak aldatzen joaten direlako, eta nik behar horietara egokitzen joan behar naiz.

Nola har dezakete parte zaintzaileek zure tailerretan?

Elkarteei, udaletxeei edo pribatuei zuzenduta daude nire tailerrak, baina helburua garbi izan dut beti: zaintzaileek horrelako saioen beharra dute, baina eurek ordaintzerik ez dut nahi. Beraz, elkarte eta udaletxeei eskaintzen dizkiet saioak. Hala, banakakoek ez dute ordaindu beharrik. Nire tailerrak azaltzen dizkiet udaletxeei edo elkarteei, garbi utziz ez direla formazioak, autozainketako tailerrak direla. Tailerren helburu nagusia, zaintzaileak bere burua zaintzeko denbora hartzea da, bertan, alde batetik, harreman emozionalak, arazoak konpontzeko, komunikazioa eta abar lantzeko, dinamika eta joko desberdinak erabiltzen dira, eta, bestetik, estresa kontrolatzeko teknikak. Gainera, atseden hartzeko gune bat eskaintzen zaie beren egoera berean dauden beste pertsona batzuekin dituzten kezkei eta zalantzei buruz hitz egiteko.Tailerrek bi orduko iraupena izaten dute. Hala ere, norbaitek harremanetan jarri nahiko balu nirekin, saioagarmendia@hotmail.com helbidera idatzi dezake.

Eskaintzen al dituzu saio horiek Azkoitian edo Azpeitian?

Dagoeneko jarri naiz harremanetan bi herrietako udaletxeekin, eta nire tailerrak eskaintzeko aukera izatea espero dut epe motzean. Izan ere, ezagutzen nauten herritarrek askotan galdetzen didate nire tailerrak noiz eman behar ditudan bi herrietan.

Zeintzuk dira aurrera begira dituzuen erronkak?

Nire tailerrekin jarraitzea gustatuko litzaidake. Zaintzaileentzako laguntza eta autozainketa tailerrak diren arren, pertsona guztientzako autozainketa tailerrak ere eman ditzaket, eta hori izan daiteke etorkizunerako asmoa. Era berean, menpekotasuna duten gaixoen adina zabaltzea ere nahiko nuke, agian arreta hirugarren adinekoen zaintzaileetan dagoelako. Baina badira menpekotasuna duten haurrak edo 40-50 urteko pertsonen zaintzaileak ere, eta, azkenean, denek behar berdinak dituzte. Nire tailerrak, edozein adineko menpekotasuna duten pertsonak zaintzen duten zaintzaileentzako zuzenduta daude.

Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide