Babestutako edukia

"Haurrek markatzen dute erritmoa"

Babestutako albistea 2021ko aza. 1a, 08:05

Duela hiru urte ireki zuen Garazi Arakistainek (Azkoitia, 1993) Garazi Sormen Tailerrak. 3 eta 12 urte bitarteko haurrei dago bideratuta, bereziki, Arakistainen zentroa. Hain zuzen ere, sormen tailerretan egiten dutena zer den eta gunerako dituen asmoak zein diren azaldu ditu azkoitiarrak.

Zerk eraman zintuen Garazi Sormen Tailerrak irekitzera?

Gizarte hezitzailea naiz, eta gune hau ireki aurretik ere haurrekin egin nuen lan. Arte terapiako ikasketak amaitu nituenean, Udane Juaristik marrazketako klaseak emateko bera ordezkatuko al nuen galdetu zidan, urteetan bere ikaslea nintzen eta. Ilusioa egin zidan bere deiak, eta baiezkoa eman nion. Egun batean, ordea, umeek beraiek esan zidaten nirea izango zen gune propio bat zergatik ez nuen irekitzen. Irudikatzen hasi nintzen, eta azkenean nire zentro propioa irekitzea erabaki nuen.

Zein dira gunerako dituzun asmoak?

Haurrak ondo sentituko diren espazioa sortzea nahi izan dut beti. Ongi sentitzean eta lasai gaudenean konektatzen da sormenarekin; orduan prest egon ohi gara material desberdinak probatzeko. Guraso batzuk lehentasuna ematen diete beren seme-alabak beste gauza batzuetan trebatzeari. Haurrek gaur egun duten tentsioa ikusita, ordea, iruditzen zait sormen gunea arnasgune bat izan daitekeela beraientzat. Umeei gune hau eskaintzea altxor txiki bat ematea da; izan ere, umetan asko gozatuko nukeen gunea zatekeela iruditzen zait.

Zer egiten dute haurrek sormen tailerretan?

Ideia bat eskaintzen diet ikasleei astero: eskulanak, marrazteko teknika zehatz bat... Nik proposatutakotik abiatzen dira edo haurrei beraiei interesatzen zaiena egitea erabakitzen dute; izan ere, ume batzuk beren ideiak izaten dituzte, eta materiala, espazioa nahiz laguntza nahikoa dituzte lanerako. Birziklatutako materiala eta margoak, akrilikoa, arkatza eta oihala erabiltzen ditugu lan egiteko.

Zer metodologia jarraitzen duzu?

Ikasleen beharretatik ikasteko gogoa sortzea da nire asmoa. Derrigortuta ikasten denean, ez zaio jarraipenik egiten ikasgaiari. Materialari beldurra galtzea ere nahi dut, heldu askori entzun baitiot marrazten lehen gaizki moldatzen zelako gehiago ez duela marraztu. Beren irizpideekin, baina ikasleak sormenean murgiltzea nahi dut. Haurrek markatzen dute erritmoa. Modu horretan, haur bakoitzak ezagutuko du zer gustatzen zaion eta horretarako bidea zein den. Dena den, aurrera egiteko ikasleak une bakoitzean behar dituen teknikak azaltzen saiatzen naiz.

Zein dira sormen tailerreko ikasleek lortzen dituzten gaitasunak?

Materialari beldurra galtzea da lortzen den gaitasun garrantzitsuena. Esperimentazioa ona dela barneratu behar dute, horrela sortzen baitira norbere irizpideak. Azken finean, garrantzitsuena da norberari gustatzea. Arteak lagunduko die ikasleei lasaitzen eta emozioekin konektatzen, eta hemendik ateratzen diren ikasleek gaitasun hori betirako izatea nahi nuke.

Aurrera begira zertan sakondu nahiko zenuke?

Proiektuak goia jo zuen COVID-19a iritsi aurretik, eta orduko egoerara iristeko, orain proiektua indartu nahi dut. Era berean, haurrekin banakako lanketa gehiago egitea gustatuko litzaidake. Teknikak ikastera bideratu beharrean, gune hau arte terapiara gehiago bideratzea gustatuko litzaidake. Orain ere badu kutsu hori, baina gehiago sakondu nahi dut.

Zenbat ikasle dituzu?

Hamar pertsonako taldeak egiten ditut. Astelehenetik ostiralera bitartean eskaintzen ditut klaseak, eta astean klase bat eskaini ohi dut, bi ordukoa, 17:30etik 19:30era. Adinez desberdinak diren ikasleak elkartzen ditut talde berean, baina beti ere oreka mantentzen ahalegintzen naiz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide