Migratzaileen etxebizitza eskubidea izan dute hizpide Elkargunean

Maialen Etxaniz 2021ko urr. 27a, 21:39

Jose Barreiro Caritasen Gipuzkoako etxe gabeko pertsonen arloko gizarte langileak solasaldia eskaini du gaur arratsaldean Elkargunean. Jende ugari bertaratu da hitzordura. Etxerik gabeko pertsonen aldeko kanpainaren barruan antolatu dute hitzaldia Azkoitiko Parrokiak eta Gipuzkoako Caritasek elkarlanean.

Migratzaileen etxebizitza eskubideaz aritu dira gaur arratsaldean Azkoitiko Elkargunean. Hain zuzen, 19:00etan hasita, 'Migratzaileak eta etxebizitza eskubidea'  izeneko solasaldia eskaini du Jose Barreiro Caritasen Gipuzkoako etxe gabeko pertsonen arloko gizarte langileak, eta jende ugari bertaratu da hitzaldira. Etxerik gabeko pertsonen aldeko kanpainaren barruan antolatu dute hitzaldia Gipuzkoako Caritasek eta Azkoitiko Parrokiak elkarlanean. Besteak beste, migratzaileen egoeraz eta horiek duten etxebizitza eskubidearen inguruan hitz egin du Barreirok. 

Caritasen arabera, etxerik ez duten pertsonei laguntzen dieten erakunde guztiek egiaztatu dute gaur egungo zaintza eta babes sistemak "nahikoak ez" direla. "Premiazkoa da eskubideak unibertsalak eta denontzat berdinak izango diren gizartea eraikitzea. Hori lortzeko, hainbat erronkari erantzuteko lan egin behar dugu". Erakundearentzat gizarte osoaren zeregina da "aurrera egitea" eta pertsona guztiek etxe bat izan dezaten "ahalbidetzea".

COVID-19ak "eragin handia" izan du Caritasen hitzetan gizarteko pertsona ahulen eta baztertuen bizitzan, bereziki, etxebizitzarik ez duten pertsonenean. "Pertsona horiek ez dute babesteko, zaintzeko eta osasuna naiz lasaitasuna berreskuratzeko etxerik, eta, gainera, gizarte babeserako mekanismoak erabiltzeko zailtasunak dituzte, ez baitira nahikoak eta ez baitaude egokituta beraien errealitatera".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide