Eduki babestua: KLINK ekintzailetza

Bilal Oulad: "Askotan dirua irabazteko zabaltzen dira saltokiak; horrek, ordea, ezin du izan helburua"

Maxixatzen.eus 2021ko urr. 26a, 15:56

buztuan zabaldu zuen Bilal Ouladek Gestion Iparralde etorkinentzat zerbitzuak eta kopia-denda negozioa Azpeitian, eta lehen hilabeteetako balorazio "positiboa" egin du.

Bilal Ouladek (Maroko, 1996) etorkin izatea, gustukoa eta esperientzia batu ditu Azpeitian zabaldu duen Gestion Iparralde negozioan.

Nola izan zen sortze prozesua, hau da, ideiatik enpresa sortu artekoa?

Beti izan dut ekintzaile izateko grina. Gainera, Almerian (Espainia) nengoen lanean, programatzaile bezala, eta hango lagun batzuek honelako negozioa, kopia-denda eta etorkinentzako zerbitzuak, zuten, eta denbora asko igarotzen nuen haiei laguntzen. Izan ere, ni etorkina izanik, ohituta nengoen zerbitzu horiek kudeatzen. Poliki-poliki esperientzia hartzen joan nintzen, eta baliabide eta bitarteko nahikoa nuela ikusi nuenean, ideiari bueltaka hasi nintzen. Bikotekideari esan nion, eta martxan jarri genuen.

Zein oztopori, beldurri, aurre egin behar izan diezu?

Aurrekontuak egin nituen, gutxi gorabeherakoak noski, baina egunak eta asteak igarotzen zihoazen heinean ohartu nintzen uste baino zailagoa zela. Ustekabeko asko izaten dira, eta hori izan zen frustragarriena. Hori gaindituta, bi egunetan gauzak eginda izango dituzula pentsatzea ere oker handi bat da. Denbora asko eskaini behar zaio.

Iraurgi Berritzenen laguntza jaso duzu. Nola egiten duzu topo beraiekin?

Eibarko Armeria Eskolan egin nituen ikasketak, eta ekintzailetza programa bat zutenez, harremanetan jarri nintzen irakasleekin. Horiek oporretan zeuden, ordea, eta beraiek izan ziren Iraurgi Berritzenek zerbitzua bazutela komentatu zidatenak, eta horrela jo nuen garapen agentziara. Ikaragarri ikasi dut prozesu horretan.

Espezializazioa etorkinentzat zerbitzuetan jarri duzu, zergatik?

Etorkina naiz ni, nahiz eta hemen hazi naizen, eta gertutik bizi izan ditut etorkinek dituzten arazoak eta oztopoak. Bertan hezitakoa izanik, etorkinek asko jo izan dute niregana laguntza eska, eta horrek eskarmentu handia eman dit. Formazioaren benetako beharra dago erakundeetan, asko ez daude prestatuta etorkinei azalpenak eskaintzeko; etorkinak ulertzeko gaitasuna falta zaie, eta etorkinak ere, sarritan, ez daude prestatuta. Oso galduta egoten dira. Beharra dago, eta irtenbidea eman nahi diot.

Zertan datza zuk eskaintzen etorkinei diezun zerbitzua?

Erakunde eta instituzio desberdinetara joaten, horiek eskaini ditzaketen zerbitzuak agertzen dizkiet eta bestelako izapideak betetzen laguntzen diet. Hala nola, herritartasuna edota abokatu kontuak eramaten ditut. Abuztutik zabalduta duzu negozioa.

Zer moduz doaz lehen hilabete hauek?

Egia esan oso gustura nago, etorkinentzat zerbitzuen arloa hasieratik joan zen ondo. Ahoz aho zabaldu da etorkinen artean, eta oso gustura gaude. Kopia-denda, aldiz, zailagoa izaten ari da. Izenaren garrantziak pisu handia duela uste dut. Nire kasuan, Gestion Iparralde da izena eta herritarrek hori bakarrik begiratzen diote. Hau da, nahiz eta kopia-dena ere ikus daitekeen arren, zerbitzuen sailarekin bakarrik gelditzen dira, eta ez dira sartzen kopiak egiteko. Horregatik, izenaren eta lokalaren antolaketan aldaketak egitea pentsatzen ari naiz, baina hori aurrerago izango da.

Zeintzuk dira norberarentzako lan egitearen onurak eta desabantailak?

Lana egiteagatik dirua irabazten badut ere, norbaiti laguntzeak ematen didan asetzea eta poztasuna da handia da. Askotan etsita sartzen dira atetik, eta duen arazoari irtenbidea ematen badiot, oso ederra da sentitzen dudana. Kopia-dendara etortzen bada norbait, gustura gelditzen da zerbitzuarekin, beste dendetan baino merkeago dugulako, baina behar duenari laguntzearen sentsazioa desberdina da. Gusturago joaten zara etxera. Ordu asko sartzen ditut lanean, ia egun osoa igarotzen dut bulegoan, baina, aldi berean, askatasun gehiago ere badut. Besterentzat lana eginez gero, jai egunak eskatu behar izaten dituzu, baina neurea izatean, ni naiz erabakitzen duena, eta ondo antolatuz gero, ez dut inongo arazorik. Alde txarra, lanetik ezin deskonektatu izana da. Zaila egiten zait.

Zeintzuk dira pertsona ekintzaileak izan edo landu behar dituen gaitasunak?

Duela hilabete batzuk, agian, profesionaltasuna esango nizuke, baina orain ez zait garrantzitsuena iruditzen. Egokitzen jakin behar den pertsona da, gauza berriak iritsiko zaizkio eta ikasten joan beharko du. Profesionalen sare zabala edo harremana izatea ere garrantzitsua da. Eta nola ez, gogoak izatea eta irekia izatea, ideia eta moda berrietara. Hau da, dena dakizula uste baduzu, ez zaizu ondo joango. Horiek dira funtsezko puntuak.

Eta aholkurik emango al zenioke ekintzaileari?

Bi aholku emango nizkioke: denbora ez dela garrantzitsua eta ideia argi izatea. Azkartasuna baino garrantzitsuagoa da zergatik nahi duzun negozioa zabaldu jakitea. Askotan dirua irabazteko zabaltzen dira saltokiak, horrek, ordea, ezin du izan helburua. Ideiak, edota ideia onak, eramango zaitu lan asko egitera, eta dena ondo joatera. Horrekin lotuta, ikasketak izatea, jakinduria, ere oinarrizkoa iruditzen zait.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide