Jokin Altunak eta Imad El Hachmik urrezko domina lortu dute EuskoSkills 2021 txapelketan

Andoni Elduaien 2021ko urr. 26a, 12:43
Altuna, goian, eskuinetik lehena; El Hamchi, goian, eskuinetik laugarrena. (Armeria Eskola)

Eibarko Armeria Eskolako ikasleak dira Altuna eta El Hachmi, eta Lanbide Heziketako ikasleen artean egiten den txapelketa irabazi dute, Irunen. Txapelketa irabazita, biek SpainSkills txapelketan parte hartuko dute martxoan.

Jokin Altuna eta Imad El Hamchi Lanbide Heziketako ikasle azkoitiarrek urrezko dominak lortu zituzten joan den astean Irungo (Gipuzkoa) Ficoban jokatu zen Lanbide Heziketako EuskoSkills txapelketan.

Eibarko Armeria Eskolako ikasleak dira biak. Jokin Altuna Automatizazio eta Robotika Industrialeko ikaslea da, eta Asier Gabilondo irakaslearen tutoretzapean lortu zuen urrezko domina. Aldiz, Instalazio Elektrikoak eta Automatikoak zikloko ikaslea da Imad El Hamchi, eta hark Joseba Altunaren gidaritzapean eskuratu zuen urrezko domina.

Txapelketa irabazita, biek Euskadi ordezkatuko dute 2022ko martxoan jokatuko den SpainSkills txapelketan. Ondoren, Espainiako txapeldunek EuroSkills eta World Skills munduko txapelketetan parte hartzeko aukera izango dute.

Txapelketan parte hartu zuten ikasleek ikasten ari diren zikloaren berezko trebetasunak jaso dituztela erakutsi behar izan zuten; horretarako, egun eta erdian hainbat proba egin zituzten. Hala ere, EuskoSkillsek zeharkako beste gaitasun batzuk ere jartzen ditu balioan. Txapelketaren helburu nagusia da Lanbide Heziketa sustatzea eta balioestea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide