Imanol Arizmendi: "Irabaztea beti da ederra eta beti da zaila"

Andoni Elduaien 2021ko urr. 26a, 09:16

Bakarrik maila ona erakutsi ondoren, Imanol Arizmendi (Azkoitia, 1991) txirrindularia master mailako AC Hotels by Marriott Cycling Team taldean arituko da datorren denboraldian. Orain hasiko du denboraldiaurrea, eta azkoitiarrak Espainiako Kopa eta Espainiako txapelketak jarri ditu helburutzat.

AC Hotels by Marriott Cycling Team taldean arituko zara datorren denboraldian.

Gustura eta gogotsu nago datorren denboraldira begira. Master mailako talderik garrantzitsuenetakoa da AC Hotels by Marriott Cycling Team. Madrilgo txirrindulari taldea da, eta guztiz egituratuta dago; alde horretatik talderik onenetakoa da. 

Noiz jarri zen taldea zurekin harremanetan lehendabizikoz?

Aurten hiru lasterketetan egokitu naiz AC Hotels by Marriott Cycling Team taldeko kideekin; izan ere, ia lasterketa guztietan parte hartzen dute talde horretako txirrindulariek. Kantabrian kointziditu nuen lehen aldiz haiekin. Etapa bat irabazi nuen han eta bigarren amaitu nuen sailkapen orokorrean. Apirilean, Zarrakaztelun (Nafarroa) ere egin nuen topo hakiekin, eta han irabazi egin nuen; orduan hitz egin zuten lehen aldiz nirekin. Espainiako Kopan ere kointziditu genuen, eta han berriz zuzendu ziren nigana. Kasualitatez, irailean, nire urtebetetze egunean, Whatsapp bidez zoriondu ninduten eta taldera batzeko eskaintza egin zidaten.

Bakarrik lehiatu zara azken urteetan eta ondo joan zaizu, baina orain talde bateko kidea zara. Zer aldatuko dizu horrek? 

Beldur pixka bat ematen dit. Orain arte bakarrik ibili naiz, eta askatasun osoa izan dut nahi dudana egiteko. Azken urteetan ondo ibili naiz, eta pentsatzet dut lasterketa gehienetan taldea laguntzeko izango dudala; sekulako aldea izango da. Halere, taldekideren bat ondo badabil, atzean joan beharko dut hankak ondo izanda ere. 

Inguruko lasterketetan parte hartu duzu orain arte. Aurrerantzean gehiago mugitu beharko al duzu?

Taldearekin hitz egin nuenean askatasun pixka bat eskatu nien. Inguruan lasterketaren bat baldin badago, eta egun berean, adibidez Granadan (Andaluzia, Espainia), beste proba bat baldin badago, askatasuna izango dut inguruan korritzeko. Hemen lasterketarik ez dagoenean, ordea, gehiago mugitu beharko dut. Taldearekin, gehien bat, lasterketa garrantzitsuenak egingo ditut, hala nola itzuliak, Espainiako Kopa eta Espainiako txapelketak. 

Entrenatzerakoan, taldeak emandako jarraibideak bete beharko al dituzu?

Orain arte bezala jarraituko dut entrenatzen, berdin-berdin. Prestatzaile pertsonala dut, eta harekin segituko dut lan saioak egiten. Halere, helburu gehiago eta garrantzitsuagoak izango ditut aurrerantzean, eta lasterketa horietarako plangintza egin beharko dugu. 

Taldean zer rol edukitzea gustatuko litzaizuke?

AC Hotels by Marriott Cycling Team taldeak esan dit txirrindulariak podiumean ikusi nahi dituela, eta noski, ahal bada lasterketak irabazi nahi dituztela. Azkenaldian proba batzuk irabazi egin ditut, eta espero dut horretarako aukera izango dudala taldean. Agian beti ez dut liderraren rola hartuko, baina hori da asmoa. Halere, urtarrilaren amaieran edo otsailaren hasieran kontzentrazioa egingo dugu Cordoban (Andaluzia, Espainia), eta han ikusitakoaren arabera markatuko ditu taldeak rolak. 

Noiz hasiko duzue denboraldia?

Denboraldiaurrea orain hasiko da niretzat; izan ere, azken hiru asteetan geldirik egon naiz, eta pixkanaka ekingo diet entrenamenduei. Cordobako kontzentraziora ahalik eta ondoen iristea da nire asmoa. Lehen lasterketak, berriz, otsailaren erdian edo martxoaren hasieran izango ditugu. Kantabriako Itzulia da begiz jota dudan lasterketetako bat.

Zein dira zure helburuak?

Espainiako txapelketak eta Espainiako Kopa ditut begiz jota. Halere, kopako lasterketa asko egun batekoak dira, eta posible da Malagan edo beste nonbaiten izatea. Lana tarteko, ez dakit horietan parte hartzerik izango dudan, eta taldearekin hitz egin beharra dut lehenik. Master mailako Espainiako Itzulia ere izango dugu. Taldeak parte hartuko du, baina ez dakit han ere lehiatzerik izango dudan.

Besteak beste, Euskadiko eta Nafarroako master txapelketak irabazi dituzu. Zer esan nahi du horrelako txapelketen irabazlea zarela jakiteak?

Irabaztea beti da ederra eta beti da zaila. Ondo sentitzen naiz eta ondo ari naiz entrenatzen, datuak-eta onak baitira. Gainera, gozatzen ari naiz azkenaldian, eta garrantzitsua da hori ere. Halere, badut pena bat iaztik. Espainiako txapelketak begiz jota nituen, eta Valladolideraino joan nintzen (Gaztela eta Leon, Espainia), han parte hartzeko asmoarekin. Elite mailako lizentziarekin aritu nintzen denboraldi hartan, eta Espainiako txapelketetan ezin nuenez parte hartu, urtarrilean master 30 lizentzia ateratzea erabaki nuen. Elite mailako lizentzia erabilia nuen ordurako, eta horregatik, ezin izan nuen Espainiako txapelketetan parte hartu. 

Talde baten babesean egoteak zer baliabide eskainiko dizkizu?

Egitura handia du atzean taldeak. Hiru zuzendari daude, masajista… Gainera, AC Hotels da taldearen babeslea, eta lasterketetara joaten garenean, hotelen, bidaien eta nire poltsikotik ordaindu beharko nituzkeen gainerako gastuak ekidingo ditut. Azkenean, alde horretatik laguntza da niretzat.

Egun bateko lasterketa askotan aritu zara. Datorren denboraldian, baina, itzuliak ere izango dituzu. Zein formatu duzu nahiago?

Orain arte, hobeto joan izan zait lasterketa luzeak eta gogorrak. Ikusi dut, etapa bat baino gehiagoko itzulietan jendearen mailak behera egiten duela. Niri, aldiz, horrelako lasterketak hobeto joan zaizkit; izan ere, egun bateko lasterketetan zoriak ere bere zeresana izan ohi du.

Master mailan zer nolako maila ikusi duzu?

Master mailan azkar ibiltzen da tropela; izan ere, orduko 40 kilometroko abiaduran edo azkarrago ibiltzen gara batez beste. Maila handia dago, lasterketa guztietan beti aurrean ibili ohi diren 20 edo 25 txirrindulari daude. Profesional mailan aritutako txirrindulari asko dago, baita afizionatuen mailatik etorritakoak ere.

Etenaldi baten ondoren heldu diozu berriz ere bizikletari. Orain lortzen ari zaren garaipenak ikusita, ba al duzu etena egin izanaren damurik?

Askotan eman izan dizkiot bueltak buruari, eta jendeak ere galdetu izan dit zergatik utzi nion txirrindularitzari. Bizitza horrelakoa da, eta utzi nionean aita hil berria zen, eta lan eskaintza bat ere jaso nuen. Une hartan lanari eustea erabaki nuen, ikusi bainuen txirrindularitzatik bizitzea oso zaila zela. Gaur egun ere modu berean pentsatzen dut. Batzuetan damua eduki ohi dut, batik bat noraino heltzeko gai nintzen ikustea gustatuko litzaidakeelako. Besteetan, ordea, ez naiz damutzen, bizitza modu zuzenean eman baitut.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide