Elkarguneko instalazioak erabiltzeko erreserba sistema mantendu egingo dute, gimnasioan izan ezik

Mailo Oiarzabal 2021ko urr. 22a, 12:01
Elkarguneko igerilekua.

"Pandemia garaian sartu zen indarrean neurria, baina eraginkorra dela eta erabiltzaileek nahiago dutela ikusi da. Igerilekuen kasuan, gehiengoak nahiago du ordua hartu eta tokia ziurtatzea", azaldu du udalak. Hala ere, aurrerantzean igerilekuan ordu erdiko hamar txanda hartu ahalko dira astean, orain arteko sei txanden ordez. Astelehenetik aurrera ezarriko dituzte aldaketak.

Elkarguneko igerilekuak eta gainerako instalazioak erabiltzeko indarrean den erreserba sistema mantentzea erabaki du Azkoitiko Udalak, salbuespen batekin: gimnasioa erabiltzeko ez da erreserbarik egin beharko.

"Pandemia garaian sartu zen indarrean neurria, baina eraginkorra dela eta erabiltzaileek nahiago dutela ikusi da. Igerilekuen kasuan, gehiengoak nahiago du ordua hartu eta tokia ziurtatzea", adierazi du udalak. Estalitako igerilekuak erabiltzeko txanda hartzen jarraitu beharko dute, beraz, herritarrek, baina bada aldaketa bat. Izan ere, orain arte astean gehienez ordu erdiko sei txanda har zitezkeen, eta aurrerantzean ordu erdiko hamar txanda erreserbatzeko aukera izango da. "Orain arte ezarritako denbora eskas geratzen zitzaionak bi txanda jarraian hartzeko aukera izango du, beraz", azaldu du udalak.

Erreserba sistemaren aipatutako aldaketak datorren astelehenetik aurrera izango dira indarrean Elkargunean.

Larrialdi amaierarekin batera, lehenera itzuli dira edukiera mugak Elkargunean ere, eta instalazioetan zein aldageletan eta dutxetan ez dago jada edukiera mugarik. Hori bai, espazio itxietarako ezarrita dagoen moduan, maskararen erabilera derrigorrezkoa da Elkargunearen instalazioetan ere; " baita kanpokaldean ere, 1,5 metroko distantzia ez bada mantentzen", udalak zehaztu duenez. Igeri egiterakoan eta dutxatzerakoan "bakarrik" kendu ahal izango da maskara, eta kirol lehiaketetan edo txapelketan parte hartzen dutenentzat ere ez da beharrezkoa izango.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide